486
RAMON PARADA
isundua atxilotzea agindu ahal izaten zuela, isundu hori tokian errotuta egon ez eta gaude edo kauziorik eman ezean (18. art.).
Toki eremuan, berriz, 1935eko Udal Legeak oraindik ere alkateari eratxikitzen zion zehapen ahalgoa, udal ordenantza eta bandoak urratzen zirenerako; zehapen horiek gehienez berrehun pezetara iritsi ahal izaten ziren, berrogeita hamar mila baino biztanle gehiagoko hiriburuetan. Ahalmen horiek ezezik, alkateak Gobernuaren ordezkari legez zegozkionak ere bazituen, eta ahalmenok eraentza desberdinak zituzten, alkateak batera nahiz bestera jardutearen arabera. Horrek alkatearen izaera bikoitza gogorarazten digu, 1812ko Konstituzioan agertutako alkate erakundearekin sortu zena, hain zuzen. «Alkateak ezarritako isunen aurkako errekurtsoa —zioen legeak—, instrukzio epaileari jarriko zaio alkate legez jardunda egiten duenean; Gobernuaren ordezkaritzat ezartzen duenean —auzialdi bakarreko gorabidezko errekurtsoa izango litzateke—, berriz, gobernadoreari jarriko zaio».
C) Zehapen sistema Francoren erregimenean Franco jeneralaren diktadurak aurreko administrazio agintarien zehapen ahalgo izugarria jaso zuen eta, horrenbestez, ez zen egon ahalgo hori gehiago garatu beharrik. Hori dela eta, udal legeriak (1955eko ekainaren 24ko Tes tu Bategina) eta ordena publikoari buruzkoak (1959ko uztailaren 30eko eta 1971ko uztailaren 21eko legeak) ez dute aipatzeko moduko berritasunik. Hala ere, aditzera eman behar da zehapen ahalmenak hazkunde ikaragarria izan zuela Administrazioaren sektorekako eskuhartze eremuetan; ondorioz, zi gortzeari buruzko kapitulua ohiko bihurtu da Administrazioaren sektorekako arauketa guztietan, eta hori ondoko arloetako legeriak erakusten du: zergak, dibisak, kontrabandoa, etxebizitza, hirigintza, trafikoa, barne merkataritza, ibaietako polizia, aireko nabigazioa, nekazaritza, lana, publizitatea, ehiza eta abar. Sektorekako administrazioen zehapen ahalgoak askoz handiagoak dira polizi orokorrekoak edota ordena publikoari buruzkoak baino —eta horixe da, agian, etapa horretako ezaugarri nagusia—. Nolanahi ere, aipatzekoa da 1958ko uztailaren 17ko Legeak zehapen prozedura bat onetsi zuela, eta prozedura horrek, autoreen eta jurisprudentziaren ahaleginekin batera, aukera eman zuela administrazio nahiz judizio bideko berme sistema oso aurreratua garatzeko (gaur egun ere sistema horixe erabiltzen da).