Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 94

482

RAMON PARADA

Konstituzio Federalari buruzko Proiektuaren 72. artikuluan ikus dezakegu argi eta garbi; artikulu horrek dioenez, «edozein botere betearazlek ezin izango du zigorrik ezarri, ez pertsonalik eta ez diruzkorik, oso txikiak badira ere»; eta, «epai botereak ezarriko ditu zigor guztiak», gaineratzen du, aurrekoa oraindik ere gehiago argitzeko. Prentsari buruzko 1883ko uztailaren 26ko Legean, berriz, konpromezuzko irtenbidea aurki daiteke. Lege horrek zigor epaileari errekurtso etengarria jartzea ahalbideratzen du, administrazio egintza zehatzailearen aurka jarri ere, eta errekurtso hori faltei buruzko gorajotze auzibideko arauen arabera tramitatu beharko da. Halaber, 1877ko urriaren 2ko Udal Legeak onartu egin zuen Gobernuak jarritako isunaren erreklamazioa Entzutegiari egitea lehenengo auzialdian, baldin eta aurretik isuna jarri zuen agintariari egiten bazitzaion administrazio bidean (77 eta 187. art.ak). Edozein kasutan ere, hemeretzigarren mendeko Administrazioaren sektorekako legeriak epai botereari eratxikitzen zion, orokorrean, bertan ezarritako urratze guztien aplikazioa (Basoei buruzko 1833ko ordenantzak, Ehizari buruzko 1833ko maiatzaren 3ko eta 1902ko maiatzaren 16ko legeak, Kontrabandoari buruzko 1830eko maiatzaren 30eko Legea etab.); legeria horrek zehapen ahalmen oso txikia eratxikitzen zion Administrazioari, eta epaileei bidaltzen zizkien zenbateko batetik gorako zehapenak nahiz «zigorrik gogorrena merezi duten gertaerak» (Basoei buruzko 1863ko Legea, Kontrabandoari buruzko 1904ko irailaren 3ko Legearen testu artikulatua). Judizio sistema zigortzailea, bere gordintasun osoan, oraindik ere ikus daiteke 1908ko abenduaren 22ko Errege Dekretuan; egin­eginean ere, dekretu hori kontsumitzaileak defendatzen dituen lehenengo administrazio araua da, eta, bertan, tipifikatuta daude merkataritza jokabide maulazkoen ondoriozko urratzeak. Administrazioak arakatu egin beharko ditu jokabide horiek, baina zigortu, auzitegi arruntek zigortu beharko dituzte.

B) Zehapen ahalgoaren politizazioa eta hazkuntza Primo de Riveraren diktaduran eta II. Errepublikan Primo de Riveraren diktaduran (1923­1930) Administrazioak zehapen ahalmen ezin handiagoak zituen. Erregimen politikoak oinarri zituen printzipioekin bat etorriz, 1926ko maiatzaren 18ko Errege Dekretu­legeak argi eta garbi adierazi zuen, inolako mugarik gabe, Administrazioaren zigor ahalmena: «administrazio eta diziplina gaietan, Gobernuak zuhurtziarako ahalmenak erabiliko ditu neurriak hartu nahiz zehapenak ezartzean, eta ez du beste mugarik izango herriaren onura eta inguruabarrek adierazten dutena baino, edota beraren zuzentasun nahiz abertzaletasunak ezartzen dizkionak.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.