454
RAMON PARADA
Hala ere, prestazio harremanek dakartzaten betebeharrek —prestazioa bera batetik eta prezioa bestetik— Administrazioaren prestazio jarduera osatzen dute; gainera, kontratu pribatutzat jo daitezke, prestazioaren objektuaren arabera (garraio kontratua, gasa, elektrizitatea nahiz ura hornitzeko kontratuak etab.); baina, horretarako, ondoko baldintzotarikoa bete behar ko da: modu pribatuan eraturiko erakunderen batek ematea zerbitzua; Zuzenbide pribatuari lotuta dagoen erakunde publikoren batek ematea, Estatutuaren arabera eta, azkenik, emakidadunak egitea kudeaketa. Hori dela eta, prestazio harremanak osagai publiko eta pribatuak dituzten harreman mistoak izaten dira askotan; egineginean ere, hori bermeetan ikus daiteke, bertara bildu ahal baitira Zuzenbide publiko nahiz pribatuaren prozedura teknikak. Horrela, emakidadunei ezarritako diziplina neurrien bidez bermatzen dira prestazio harremanen aspektu nagusiak (lehenago esan den bezala, publikoak dira zalantzarik gabe, adibidez, zerbitzuan onartua izateko eta zerbitzu hori erabiltzeko eskubidea). Auzitegi zibilek ezin dituzte aspektu horiek bermatu juridikoki; horretarako, Administrazioarekiko auzibideen prozedura eta errekurtsoa erabili beharko dira; eta errekurtso hori, berriz, zenbait egintzari jarriko zaie, hain justu ere, Administrazioak zerbitzuaren kudeatzaileen gain dituen zaintza eta kontrol ahalmenen ondoriozko egintzei. Baina, aldi berean, berme publiko hori ezezik, epaile zibilena ere egon daiteke; horiek kontratu erantzukizuneko akzioak ebatziko dituzte, gatazka erabiltzailearen eta emakidadunaren artekoa denean, edota erabiltzailearen eta Administrazioaren artekoa —azken horrek Zuzenbide pribatuaren bidez jarduten badu—.
7. TASAK, PREZIO PUBLIKOAK ETA TARIFAK Bistan da administrazio jarduera guztiek, bai eginkizun subiranoek eta bai norbanakoei egindako prestazio teknikoek, kostu bat izaten dutela, eduki ekonomiko bat alegia. Ondorioz, zer esan nahi da prestazio edo herri zerbitzu jardueraren eduki ekonomikoa aipatzen denean?; jakina da eduki hori oso garrantzitsua dela, legeak ezinbestekotzat jotzen baitu, zerbitzuak zeharka kudeatzen direnean norbanakoei egindako emakiden bidez. Eduki ekonomikoa beharrezkoa dela esaten denean, esan nahi da neurtzeko modukoa izan behar dela, tarifaren kostua zerbitzuaren erabiltzaileei jasanarazteko; izan ere, kudeaketa on baten helburua —gero, prezio politikoak ezartzeak arau hori ezeztatzen badu ere— herri administrazioen jarduera ekonomikoek defizitik ez sortzea da, aurrekontuetatik desagertarazi beharko litzatekeen defizitik ez sortzea. Printzipio hori Toki Eraentzaren Oinarriei buruzko Legearen 1986ko Testu Bateginean nagusiarazten da orain, testu