Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 65

PRESTAZIO EDO HERRI ZERBITZU JARDUERA

453

Administrazioaren prestazio jarduera osoa herri zerbitzutzat jotzen denez modu esplizitu edo inplizituan, harremanak sortuko dira jarduera hori gauzatzen duen Administrazioaren —edota berorren izenean jarduten duen emakidadunaren— eta prestazio horren onuradunaren artean. Harreman horien lehenengo alde garrantzitsua, berriz, norbanakoak zerbitzua lupertu edo disfrutatzeko duen eskubidea da; eskubide subjektiboa da eta ezin izango dugu zalantzan jarri, baldin eta legean ezarritako baldintzak betetzen baditu: zenbait titulu edukitzea unibertsitatean matrikulatzeko, gaixotasunen bat izatea ospitalean osatzeko eta abar. Baina eskubide hori ahuldu egin daiteke zerbitzuaren gaitasuna ez bada nahikoa prestazioen demanda osoari kasu egiteko. Halakoetan, eskabideak onartu edota ukatzeko —eta guztiak egoera berean daudela jota—, eskabideen aurkezpenaren hurrenkera kronologikoaren irizpidea aplikatzen da; JORDANA DE POZASek oso modu grafikoan deskribatu zuen arau hori «hurrenkeraren eraentza» espresioa erabilita. Erabiltzaileak prestazioa lupertzeko egin duen eskabidea onartu baino lehen, Administrazioak egiaztatu egin beharko ditu erabiltzaile horrek alegaturiko egitatezko inguruabarrak; ondoren, administrazio erabakia dator eta, berorren bidez, eskuespena emango zaio norbanakoari zerbitzua erabiltzeko. Batzuetan, beren beregiko egintza izaten da, eta tasa baten ordainketaren jasoagiri edota gordekina erabilita formalizatzen da, edota txartelen bat emanda; beste zenbaitetan, berriz, horren presuntzioa egoten da, zenbait egitate erabakigarri edo isilbidezko direla eta, esate baterako, bide ematen zaionean posta zerbitzuko postontzi baten utzitako postatrukeari. Erabiltzaileak zerbitzua gozatzea onartzen denean, erabiltzaile hori botere harreman berezi batzuetara loturik geldituko da, baita antolamendu juridiko berezi baten arauetara ere —legeek, araudiek eta zerbitzuaren jardunbidea eraentzen duten arauek osatua—; halaber, arautegi hori bete egingo dela bermatzeko, zehapen jarduera egongo da batzuetan. Arautegi juridiko­publiko horixe aipatzen du Toki Legeriari buruzko 1986ko Testu Bateginaren 106. artikuluak, ondokoa esaten duenean: «zerbitzua kudeatzeko egintzak, bestalde, zerbitzu horren arau berezien menpe egongo dira erabiltzaileekin sortzen diren harremanetan; halaber, bidezkoa balitz, gai hori arautzen duen legeriaren menpe egongo dira, legeria hori Estatukoa zein autonomi erkidegoetakoa izan». Prestazio harremanen izaera publikoak berez dakar Administrazioarekiko auzibideen jurisdikzioaren eskumena; izan ere, bertan babestu beharko da prestazioaren eragingarritasuna, erabiltzaileari zerbitzua gozatzerik onartzen ez zaionean, baita onartu ondoren ukatu edota tratu ezegokia ematen zaio­ nean ere.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.