Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 337

ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIBIDE JURISDIKZIOA

725

Kasazio errekurtsoa, bestalde, auzibide zibil eta zigor auzibideetatik Administrazioarekiko auzibidera eramandako errekurtsoa da; eramate hori, berriz, Epai Botereari buruzko Lege Organikoak errekurtso motak bateratzearen ondorioz egin da. Apirilaren 10eko 10/1992 Legeak, Auzibidea Eraldatzeko Presako Neurriei buruzkoak, arautu egin du errekurtso hori eta, horrenbestez, gorajotzeak lehen zuen lekua du orain kasazioak. Zioak mugatuta egoteak bereizten du kasazio errekurtsoa —esan daiteke deuseztasunaren eta Zuzenbideko zioetan oinarrituriko gorajotzearen arteko sinbiosia dela—, baita tramitatzeko duen forma zurruntasunak ere. Azkenik, Administrazioarekiko auzibide jurisdikzio organoen aurka, berrikuspenezko errekurtso apartekoa egingo da. Epai irmoen aurka baino ez da onartzen errekurtso hori, hau da, errekurtso arruntik onartzen ez duten epaien aurka; gainera, gertatze bidezko egitate batzuk izan beharko ditu oinarri, edota errekurrituriko epaia irmo bihurtu ostean ezaguturiko egitateak.

12. KASAZIO ERREKURTSOA. MOTAK ETA TRAMITATZEKO MODUA Kasazioa Frantziako Iraultzan sortu zen eta, beraren bidez, zigortu egin nahi zen —kontrol negatiboa erabilita— epaileek legegileen eskumenetan sartzea. Harrezkero, ordea, kasazioaren eginkizunak aldatu edota zabaldu egin dira; izan ere, hiru helburu nagusi izango ditu orain: behe mailako epailea bere eskumenen mugen barruan edukitzea, auzibidearen formak zaintzea epaile horrek eta, azkenik, Zuzenbidearen aplikazioa arautu eta bateratzea. Kasazio epaileak, hala ere, ez ditu berrikusiko beheragoko mailako epaileak zehaztu eta finkaturiko egitateak; egin­eginean ere, eta lehenago esan den bezala, deuseztasunaren eta Zuzenbideko zioetan oinarrituriko gorajotzeko errekurtsoaren sintesia da kasazioa. Ematez, kasazio epaileak —kontrol negatiboa egiten duen epaile izanik— ez du epai berririk ematen kasatu edota deuseztatzen duenaren ordez; atzera bidaltzen dio epaia berori eman duen epaileari, horrek beste epai berri bat eman dezan kasazio epaiaren arabera. Dena dela, kasazioaren ezaugarri hori — Frantzia eta Italiako kasazioan oraindik ere irauten du— ez dator bat Espainiako kasazio errekurtsoarekin; izan ere, Espainian kasazio epaileak berak ematen du epai berria, gorajotze epaileak egiten duenaren antzera eman ere, baldin eta jurisdikzio ezik edota prozedura akatsik ikusten ez badu. Formaren aldetik, zioak mugatuta izateak eta tramitatzeko zurruntasunak bereizten dute kasazio errekurtsoa. Legeak hiru kasazio errekurtso arautzen ditu: errekurtso arrunta, doktrina bateratzeko kasazio errekurtsoa eta legearen intereserako kasazio errekurtsoa.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2) by elkarmedia - Issuu