ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIBIDE JURISDIKZIOA
721
Aldiz, Administrazioarekiko auzibide errekurtsoari oniritzi izanez gero epaiak: a) Aditzera emango du ez dela Zuzenbidearen araberakoa eta, bestela, guztiz deuseztatuko du errekurrituriko egintza edo xedapena, edota horien zati bat bakarrik deuseztatuko du. b) Egoera juridiko bakoizturen bat aintzatesteari buruzkoa izanez gero azaldutako uzia, edota egoera hori guztiz berrezartzeari buruzkoa, epaiak aintzatetsi egingo du egoera juridiko hori, eta beharrezko neurri guztiak hartuko ditu eragingarria izan dadin. c) Kaltegalerak ordaindu nahi izan badira, epaiak horretarako eskubidea adierazi baino ez du egingo benetako kalteak egotekotan, eta euron zenbatekoa, berriz, epaia betearazitakoan zehaztuko da (79. art.). Eremu subjektiboari dagokionez, bestalde, errekurtsoa onartu ez edota berorri gaitzirizten dioten epaiek alderdien artean bakarrik izango dituzte ondoreak. Aldiz, egintza nahiz xedapena deuseztatzen duen epaiak ondoreak izango ditu bai alderdien artean eta bai egintza nahiz xedapen horrek ukituriko pertsonen artean (Jurisdikzioari buruzko Legearen 86. art.). Sinatuz gero, epaileek ezin izango dituzte aldatu emandako behinbetiko epai nahiz autoak, baina horietan agerturiko kontzeptu ilunen bat argitu ahal izango dute, edota egin, egiteko geratu den zerbait. Epaia argitu edota zuzentzea, bestalde, auzitegiak bere arioz egin ahal izango du —argitaratu eta hurrengo astegunean—, edota alderdiek nahiz Fiskaltzak eskatuta —jakinarazi eta hurrengo bi astegunen barruan—; azken kasu horretan, jurisdikzio organoak ebatziko du, epaia argitu edota zuzentzeko eskatzen duen idazkia aurkeztu eta biharamunean. Hala ere, epaile eta auzitegiek edozein unetan zuzendu ahal izango dituzte idazkera eta zenbaketa okerrak (Epai Botereari buruzko Lege Organikoaren 267. artikulua).
11. ERREKURTSO SISTEMA Tramite bati, auzibidearen fase bati edota lehen auzialdiko auzibideari berari buruzkoa denean epailearen ebazpena, ezin izango da behinbetikotzat hartu, jurisdikzioak emandako azken berbatzat alegia, bigarren aukera bat ere onartzen baitute legeek gehienetan, judizio organo horrexetan edota goragoko beste baten. Dena dela, zigor arloan izan ezik, ezin da esan oinarrizko eskubiderik dagoenik bigarren aukera edo auzialdi horretarako; izan ere, aukera hori