ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIBIDE JURISDIKZIOA
707
egingo da auzibidearen tramitazioa, harik eta argitaratu arte zabaltze horri buruzko iragarki egokiak, eta auzitegiari bidali arte egintza nahiz xedapen berriak aipaturiko administrazio espedientea. Edozein kasutan ere, ezin izango da errekurtsorik egin auzitegiak pilatzea nahiz zabaltzea ukatu ala onartuz emandako autoaren aurka (Adminis trazioarekiko Auzibide Jurisdikzioari buruzko Legearen 46 eta 48. art.ak). Jurisdikzioari buruzko Legeak behartu egiten du, beti ere, egikarituriko uzien balorazio ekonomikoa egitera, errekurtsoaren zenbatekoa finkatzera, alegia. Balorazio horrek, berriz, garrantzi handia izango du; batetik, zein epairi egin ahal zaion gorajotze nahiz kasazio errekurtsoa zehazteko; bestetik, ostera, judizio kostuak zehazteko, edota auzibidean parte hartzen duten profesionarien ogibidesariak finkatzeko. Errekurtsoa jartzeko idazkian bertan zehaztu beharko du errekurtsogileak zenbatekoa, eta zenbateko hori, halaber, errekurtsoaren uziaren balioak finkatuko du; beti ere, Judiziamendu Zibilari buruzko Legean ezarritakoaren arabera eta ondoko berezitasunak betez: —Demandatzaileak egintza deuseztatzeko bakarrik eskatzen duenean, egintza horren eduki ekonomikoari begiratuko zaio; eta, horretarako, kontutan hartu beharko da zordunketa nagusia, baina ez errekarguak, kostuak edo beste edozein erantzukizun mota. —Egintza deuseztatzeko ezezik, egoera juridiko bakoiztua aintzatesteko ere eskatuz gero demandatzaileak, ondokoak zehaztuko du zenbatekoa: 1go. Erreklamazioaren objektuaren balio osoak, baldin eta Herri Administrazioak guztiz ukatu baditu demandatzailearen uziak administrazio bidean; eta 2. Erreklamazioaren objektuaren eta errekurtsoa eragin zuen egintzaren balioen arteko diferentziak, Administrazioak aintzatetsiz gero demandatzailearen uzietariko zenbait administrazio bidean. —Edozein kasutan ere, zenbateko zehazgabekotzat joko dira xedapen orokorrak zuzenean aurkaratzeko errekurtsoak, baita funtzionario publikoei egindakoak ere, baldin eta ez badira euron eskubide ekonomikoei edota dirutan baloratzeko moduko zehapenei buruzkoak (Jurisdikzioari buruzko Legearen 49, 50 eta 51. art.ak).
7. ERREKURTSOA JARTZEA ETA ONARTZEA Administrazioarekiko auzibide errekurtsoa idazki baten bidez hasten da, gorajotzeko auzibideak bezala; idazki horri, ostera, errekurtsoa egiteko idazki