ADMINISTRAZIO ERREKURTSOAK
673
Berrikuspena egiteko laugarren zioa, azkenik, Administrazio Prozedurari buruzko 1958ko Legeak ezarritakoa da: «jokabide zigorkor baten ondorioz ematea ebazpena —prebarikazioa, funtzionarioeroskeria, indarkeria, maulazko azpijokoa etab.—, eta epai irmo batek aditzera ematea jokabide horren ondorioz eman dela ebazpen hori». Azken baten, berrikuspen errekurtsoak nolabaiteko aldaketa izan du bera egitea ahalbideratzen duten zioak zabaltzearen ondorioz; izan ere, lehen salbuespen izaera zuten errekurtso hori bidezkotzeko zioek, eta orain, aldiz, errekurtso arrunt bihurtu da. Egineginean ere, ez da hierarki errekurtsoa, eta aukera ematen du a posteriori kontrolatzeko errekurrituriko ebazpenak oinarri dituen egitatezko arazoak. Aldaketa hori, berriz, erraz ikus daiteke kontutan hartuz gero oso epe luzeak daudela berrikuspen errekurtsoa egiteko, besteak beste, lau urtekoa jakinarazpen egokia egiten denetik, errekurtsoak oinarri egitatezko okerra duenean. Epeak, ostera, hiru hilabetera laburtuko dira gainontzeko zioetakoren bat badu oinarri errekurtsoak; epe berri hori, azkenik, agirien berri izan denetik zenbatuko da, edota irmo gelditu denetik epaia. Itxuraz garrantzirik gabekoa bada ere, legeak zeredozergatik ez du berariaz adierazi bateratzeko modukoak direla berrikuspen errekurtsoa eta interesatuek erreakzionatzeko duten eskubidea —Zuzenbide osoko deuseztasuna duen egintza edozein unetan deuseztatzea eskatzeko eskubidea, edota idazkera zein zenbaketa okerrak zuzentzea eskatzekoa— (118.3. art.). Berrikuspen errekurtsoak gaur egun ez dituzte ebatziko ministroak eta Administrazio bakoitzeko gorengo organoak bakarrik, Administrazio Prozedurari buruzko Legeak lehen ezartzen zuenez; horiez gain, ondoko organoak ere ebatzi ahal izango ditu, baldin eta administrazio bidea agortu gabe badago: berrikusi beharreko egintza eman duen titular eskudunak. Hiru hilabete igaro eta oraindik ere ebatzi barik egonez gero, gaitziritzitzat joko da errekurtsoa; ordutik aurrera, ostera, zabalik geldituko da Ad ministrazioarekiko auzibidea. Bide horretan, jakina, berrikuspena sortarazten duten zioak bidezkoak diren ala ez, horixe izango da eztabaidatu beharrekoa.
4. ADMINISTRAZIO ERREKURTSOAK TRAMITATZEA ETA EBAZTEA Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak zehaztuta dauka administrazio errekurtsoen idazkiak jaso beharrekoa: a) Errekurtsogilearen izendeiturak eta jakinarazpena egiteko modua; behar izanez gero, jakinarazpenerako tokia ere adierazi beharko da.