Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 27

ADMINISTRAZIOAREN JARDUERA MOTAK

415

zuten beste zenbait inguruabar gertatzen badira; irizpide berriak hartzen direnean ere ezeztatu egin ahal izango dira; 2. Okerren baten ondorioz ematen direnean, lizentziak deuseztatu eta gauzak lehengora itzuli ahal izango dira; 3. Aintzat hartzeko irizpide berriak direla eta, lizentzia ezeztatu eginez gero, edota okerren baten ondorioz emateagatik deuseztatzen bada, kalte­galerak ordaindu beharko dira. E) Baimenak emateko prozedura Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea onetsi ondoren, zenbait araudi egin dira lege hori garatzeko; horietako bat —baimenak eman, aldatu eta azkentzeko prozedurari buruzkoa— abuztuaren 5eko 1.178/1994 Errege Dekretuak onetsi du. Araudi hori, berriz, ondoko prozedurei aplikatuko zaie: Estatuko Administrazio Nagusiak nahiz berari loturiko edo beraren menpeko Zuzenbide publikoko erakundeek tramitatzen dituztenei; zenbait gairi buruzko baimenak emateko prozedurei, hain zuzen ere, Estatuaren eskumen arau­emaile osoaren barrukoak izan, eta gainerako Administrazioek tramitatu beharreko gaiei buruzkoak —oinarrizko eskubideak nahiz herri askatasunak egikaritzeko prozedurak kasu horretatik kanpo utziko dira—; azkenik, baimenok aldatu eta azkentzeari buruzko prozedurei ere araudi hori aplikatuko zaie. Bestalde, esan behar da prozedura hori sorospidez aplikatuko zaiela Zuzenbide erkideak nahiz Nazioarteko zuzenbideak arauturiko baimenen inguruko prozedurei, baita zerga gaien ingurukoei ere. Edonola ere, prozedura horren egitura oso erraza da: baimena eskatu, agiriak aurkeztu eta ebatzi, besterik ez da egiten, 30/1992 Legeak ezarritakoa errepikatuz. Gainera, batzuetan ez dago agiririk aurkeztu beharrik ere, baldin eta Administrazioaren edozein organok baditu agiri horiek, eta agertarazten bada noiz eta non (zein sail nahiz organotan) aurkeztu edo eman diren; horretarako, hala ere, beharrezkoa izango da bost urte baino gehiago ez igarotzea agiri horien inguruko prozedura amaitu zenetik. Hortaz aparte, beti azaldu beharko dira ebazpenaren zioak, ze, hitzaurreak dioen moduan, horrela indartu egiten dira administrazio jardueraren objektibotasun eta agerikotasun printzipioak —ebazpena arautua nahiz zuhurtziarakoa, eta norbanakoaren aldekoa nahiz kontrakoa (?) izanda ere—. Baimen prozedurak ebazteko epeari dagokionez, esan behar da epe hori hiru hilabetekoa dela, eta hiru hilabete horietan ez bada ebazpenik ematen, eskabideari oniritzi egin zaiola ulertuko dela. Ustezko ebazpen horiek eragingarriak izateko, berriz, Legeak 44. artikuluan ezarritako ziurtagiria eman beharko da, eskatu zenetik hogei eguneko epearen barruan eman ere. Eragingarritasun hori lortzeko beste bide bat hauxe da: epe horren barruan ziurtagiririk ez ematea, behin eskatuta egon eta gero. Beste alde batetik, ziurtagiri hori


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.