ADMINISTRAZIOAREN JARDUERA MOTAK
413
Baimenak eskubide edota askatasunen bat egikaritzea ahalbideratu baino ez du egiten iaia, eta ez du balio esku hartzeko titulu berezitzat; hau da, ez du baliorik izango «rapporto iuridico continuativo» izenekoa —ZANOBINIk deitu zion bezala— sortzeko, Administrazioaren eta baimenduaren artean. Baimena lortu eta gero, baimenduak zenbait kontrol igaro behar izaten ditu —batzuk besteak baino gogorragoak—; horiek antz handia dute beste zenbait kontrolekin, hain zuzen ere, emakida harremanetan emaileari emakidadunaren jarduera zaindu eta zuzentzeko aukera ematen diotenekin. GARCÍA DE ENTERRÍAk eta FERNÁNDEZ RODRÍGUEZek ere hauxe esanez adierazi zuten ideia hori: «kontrol ezkorra izateaz gain, baimenak merkatua erregularizatu egiten du, baimendutako jarduera modu positiboan orientatu eta bideratuz (…). Oinarri berri horien arabera, baimena Administrazioaren egintza da eta, egintza horren bidez, lehen debekatuta zegoen jarduera gauzatzeko aukera ematen dio Administrazioak norbanakoari; aldi berean, egoera juridiko egokia osatzen du» Dena dela, eta beti ere gure iritziaren arabera, baimen baten oinarritutako harreman iraunkorrak —eskuhartze berriak legebidezkotzen dituztenak— sortarazten badira, horrek hauxe esan nahi izango du: emakidak baimenak bailiran erabiltzen ari direla, edota baimen egintza —hau da, muga kendu eta egikaritza ahalbideratzea baino beste ondorerik ez duen egintza— nahastu egiten dela jarduera baimendu ondoren egiten diren beste zenbait egintza mugatzaile edota administrazio eskuhartzerekin. Administrazio egintza horiek lokabeak izango dira baimen egintzari dagokionez, nahiz eta azken hori beharrezko izan manamendu, agindu, debeku, zuzentarau edota antzeko egituran. Egintzok ez ditu baimen egintzak legebidezkotzen, beste zenbait ahalgok baino; eta ahalgo horiek, berriz, Administrazioak izango ditu, legeak eta araudiek aintzatetsita, baimendutako jarduerari dagokionez. Badirudi gehiegizkoa dela baimen huts baten oinarritzea eskuhartze teknika mota guztiak; hori eginda, bereiz aztertu eta judiziotaratu behar diren administrazio jarduerak ezkutatu nahi dira baimen horretan. Hori dela eta, Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Araudiaren 17. artikuluak onartu egiten ditu araututako herri zerbitzuak (taxiak, adibidez) egikaritzeko baimenak, baimen kontzeptu zabalaren barruan; hori egitean, korporazioen eskumen batzuk bereizten ditu: batetik, baimena emateko eskumena; eta, bestetik, zerbitzu tarifak onetsi, baldintza teknikoak zehaztu eta prestazio moduak nahiz aplika daitezkeen zehapenak finkatzeko eskumenak, baita baimenaren ezeztatze kasuak ere. Ahalgo horiek guztiak legebidezkoak izateko, araudiren baten agertu behar dira, eta ez jarduera ahalbideratzen duen lizentzia edo baimenean. Bestalde, baimen horiek ematea arautzeko, Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudira jotzen da eta hori, ostera, halako kasuak emakidak direla onartzea da, nolabait.