ADMINISTRAZIOAREN ERANTZUKIZUNA
639
139. artikulua, garbi ikusiko dugu ondoko osagaiak baino ez direla behar erantzukizuna egituratzeko: a) kaltea benetakoa izatea…; b) karitasun harremanak, hau da, herri zerbitzuen ibilera on ala txarraren ondorio izatea kaltea…; c) ezinbestearen ondorioz ez gertatzea (1978ko urriaren 4ko epaia eta ondorengoak). Azkenik, aipatu behar da erantzukizunari buruz Espainian dagoen legezko sistemaren orokortasun eta eskuzabaltasunak izutu egin dituela, nolabait, hainbat autore, besteak beste, NIETO eta SÁNCHEZ MORÓN; izan ere, horien iritziz, «norbere onuran oinarrituriko gizarte baten, berdintasunaren ametshelburua guztiz bazterturik duen baten alegia, neurriz kanpoko emaitzak ekarriko ditu arriskuen sozializatze horrek, erantzukizun zibilaren sistema lar bilakatzearen ondorioz: gastu astunez zamatuko da gizartea, berez jasan behar ez dituen gastuez»; horrenbestez, «nolanahi aplikatu edota zabalegi interpretatuz gero erantzukizun sistema, neurriz kanpoko emaitzak sortuko dira eta, ondorioz, geldiarazi egingo da administrazio jarduera; bestela, erantzukizun horren beharrizanak betetzeko erabili beharko da herri diru sarreren zati gehiegiko eta neurriz kanpokoa». Baina egoera ez da hain kezkagarria ere. Aldiz, herri zerbitzuen ibilera gero eta kaxkarragoen aurka demanda gehiagorik ez jartzeak, horrexek kezkatu behar gaitu, eta komunikabideek sarriago ez agertarazteak demandok, horiek berehala ez gauzatzeak administrazio bidean (erabilera kaskarrerako, berriz, hortxe dugu osasuna, edo hiriko segurtasuna, edota presolekuak batez ere —horietan egunero egunero urratzen dira ia, giza eskubiderik oinarrizkoenak, eta barrukoen osasun fisikorik ere ez da bermatzen—).
3. JUSTIZI ADMINISTRAZIOAREN EGINTZEN ONDORIOZKO ERANTZUKIZUNA Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 139.4. artikuluak xedaturik dauka Epai Botereari buruzko Lege Organikoak ezarritakora jotzeko Estatuaren ondare erantzukizunari buruzko gaietan, Justizi Administrazioaren ibileraren ondoriozko erantzukizunari buruzkoetan. Epai Botereari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoak arautu egin du Estatuaren erantzukizuna, Konstituzioaren 121. artikuluak xedaturikoa garatuz. Konstituzioaren formula erabili du, eta Estatuaren erantzukizuna ezarri, norbanakoen ondasun edota eskubideetan egindako kalteen ondoriozkoa, baldin eta kalteok «epaileen okerren batek eragindakoak badira, edota Justizi Administrazioaren jardunbide ezegokiak, ezinbeste kasuetan izan ezean».