412
RAMON PARADA
baita. Zailtasun hori argi eta garbi ikusten da baimenduko den jarduera subjektu gutxi batzuek baino egiten ez dutenean, legeriaren arabera egin ere; halakoetan —Espainiako antolamenduak ezer ez badio ere—, baimena emateko, beharrezkoa izango da guztientzat aukera berdinak bermatzen dituen prozedura erabiltzea, eta hori emakida prozeduraren oinarrizko ezaugarria da. Kasu baterako, ehiza parke baten orein bakarra harrapatzeko baimena ematen bada, baimena barik eskuespena dela esan daiteke, ze baimen hori eskubide edota pribilegio bat ex novo ematearen pareko da, izugarri mugatua baita. Gauza bera esan daiteke taxi lizentziei buruz, lizentzia kopurua mugatua denean, eskabideen aldean; baita farmazi lizentziei, inportazio lizentziei, banketxe berriak irekitzeko baimenei eta abarri buruz ere. Beraz, batzuetan baimen kopuru txikia ematen da jarduera mugatzen denean; eta, halakoetan, hiritar guztiek ez dituzte aukera berdinak izaten eskubidea egikaritzeko, ezta jarduera zein lanbidea gauzatzeko ere; horrenbestez, hori Administrazioak administratu jakin bati emandako pribilegioa izango da, hau da, emakida bat. Beste alde batetik, legez emakidatzat hartzen diren egintza batzuk ematea baimenak ematea bezain araututa dago; eta, horrenbestez, badirudi gauza bera dela «emateaz» edo «baimentzeaz» mintzatzea. Horixe gertatzen da nazio aberastasunari loturiko herri jabariaren emakidetan (meatzeak, urak). Izan ere, halakoen titularra Estatua dela esan ohi da, eta horrek norbanakoei ematen diela haien ustiapena. Baina, horren ordez ere, hauxe esan daiteke: hiritarrek lehendik dutela ura lortzeko edota meatokiak ustiatzeko eskubidea, emakida ezin izango baita ukatu —baimenekin ere horixe gertatzen da— legeak ezarritako inguruabar guztiak betetzen direnean (esate baterako, ikerketak egiteko baimena izanik meatokia aurkitzen duenari, ezin izango zaio meatze emakida ukatu, ezta lurpeko urak ikertzeko baimena izanik zerbait aurkitzen duenari ere; eta, erabiltzeko moduko emariak badaude ere, ezin izango zaio emakida ukatu hornitua izan nahi duen udalerri zein urbanizazio pribatuari). Azken baten, baimen kontzeptua ondoko kasuotan bakarrik erabili beharko da: batetik, onuradun kopuru mugaturik ez dagoenean eskubidea egikaritzeko nahiz jarduera gauzatzeko; eta, bestetik, zuhurtziarakotasun aukerarik ez dagoenean baimenak ematerakoan (esate baterako, gidatzeko baimen, ehiza lizentzia, irakastegiak irekitzeko lizentzia edo hirigintza lizentzien kasuan eta abar gertatzen dena). Emakida kontzeptua, berriz, gainerako kasuetan erabiliko da, hau da, legeriak zuhurtziarakotasuna ahalbideratzen duenean, argi eta garbi, ematea egitean; edota eskubide nahiz jardueraren onuradun kopurua mugatzen duenean, legez ezarritako baldintzen arabera.
C) Ondore iraunkorrak dituen baimena