ADMINISTRAZIOAREN JARDUERA MOTAK
411
Baina bi ulerkera horien artean, badirudi lehenengoa nagusitu dela. Horrela, GARCÍA DE ENTERRÍAk eta FERNÁNDEZ RODRÍGUEZek diotenez, «ilusio hutsa da lehendik zegoen eskubidean pentsatzea, kontutan hartuta de iure edo de facto mugatzen direla beti, Administrazioaren zuhurtziarako ahalmenen intentsitatea eta baimen kopurua». MAYERen tesira itzultzea da nolabait; izan ere, horrek ohartarazten zuenaren arabera, «baimen erreserba modu askotara egin daiteke, agintariaren borondateari utzitako jardute aukeren arabera: batzuetan, Administrazioak askatasun osoa izango du kasu zehatza aztertzeko; beste zenbaitetan, ordea, zorrotz aplikatu beharko dio kasuari, baimena ezartzen duen erregela». Hortaz, baimenak eman, aldatu eta azkentzeko prozedurak 30/1992 Legera egokitzeari buruzko Araudiak badirudi ulerkera hori jaso duela; egineginean ere, araudi horrek baimen ahalgoa hartzen du abiapuntutzat —eta ez aldez aurretik zegoen eskubidea— baimenaren kontzeptua zehazteko, eta honela definitu du: «baimenak administrazio egintzak dira, hain zuzen ere, legeak Administrazioari eman dion ahalgoa erabilita, norbanakoei jardueraren bat gauzatzea ahalbideratzen dieten administrazio egintzak, egintza horien izena edozein izanda ere; ahalbideratze hori egiteko, bestalde, jarduera antolamendu juridikoarekin bat datorrela egiaztatu beharko da, baita herri interesa nola ukitzen den baloratu ere» (1go. art.). Hala ere, gure iritziz, hemen askoz ere ulerkera murriztaileago batetik abiatu behar gara, horixe baita irtenbiderik moderno eta bermatzaileena; egineginean ere, egintza araututzat jotzen dugu baimena, eta baimen horrek lehendik zegoen eskubide edota askatasunen bat egikaritzeko debekua ezabatzen du; beraz, baimenak zehaztu egin beharko du jarduera edota eskubide zein askatasun horren egikaritzak betetzen dituen, ala ez, legeak edo araudiak ezarritako baldintzak (eraikitzeko lizentzian, kasu baterako, proiektua hirigintza planetara egokitzea). Hori dela eta, baimena eman ala ez ematearen arazoa balorazio faktikoa eginda konpontzen da kasurik gehienetan; balorazio hori, berriz, epaileak egitateak kontrolatuta gauzatuko da; edota, bestela esanda, baimena emateko ahalgoa egikaritzean erabakigarriak diren egitateak kontrolatuta. Baina, batera nahiz bestera, egitateak bistakoak izanik, badirudi ez dela zuhurtziarakotasunik egon behar baimena eman edota ukatzean. Azken baten, ez da zuhurtziarako lizentziarik egongo (MANZANEDO).
B) Emakida eta baimenaren arteko desberdintasunak Emakidaren eta baimenaren arteko aldea ezartzea batzuetan ez da batere lan erraza izaten; izan ere, emakida da baimenaren antzik handiena duen erakundea: emakidan norbanakoak ez dauka —teoria mailan, behintzat— aurretiazko eskubiderik, eskubide hori emakida egintzaren ondorioz sortzen