DERRIGORREZKO DESJABETZAPENA
617
egindakoan, behinbetiko balioespena ordaindu orduko egiten badira — gehienetan horrelaxe egiten dira, egunetik egunera berandutza handiagoa izaten baitute espedienteek epaimahaietan—, honako hipotesi zentzugabea ekarriko duela, berez, desjabetuak oraindik ere jabetza daukala dioen tesiak: gauza baten gain jabetza pribatua eta publikoa egongo direla aldi berean. Horrelaxe ulertu zuen Estatu Kontseiluak ere. Izan ere, berorren iritzian, «eten egingo da erregistroan inskribatze hori, harik eta behinbetiko ordainketa egin arte, edota jarri arte balioespena. Hala ere, horrek ez du galaraziko okupazioaren unean egitea jabetzaren eskualdaketa; egineginean ere, une horretantxe emango zaio buru negozioari, orduantxe beteko baitira Kode Zibilak jabetza eskualdatzeko ezartzen dituen titulu eta moduaren baldintzak. Arauek ezartzen dutenez, une horretan finka ezin izango da inskribatu Administrazioaren izenean, baina horrek ez du esan nahi ezin daitekeenik egon eskualdatzerik, inskripzioa ez baita eratzailea Espainiako erregistro sisteman» (1959ko uztailaren 9ko 25204. irizpena). Modu berean ulertu du Konstituzio Auzitegiak ere; berorren ustez, presako desjabetzapenetan, desjabeturiko ondasun edota eskubideen jabetza nahiz titulartasuna eskualdatzea «ez dago lotuta kalteordaina aldez aurretik ordaintzearekin; horrenbestez, Konstituzioari dagokionez, jabetza eskualdaketa hori egiteko uneak ez du garrantzirik izango eta, ondorioz, berdin izango dio desjabetzapena erabakitzeko unean bertan eginda ere» (abenduaren 19ko 166/1986 epaia).
14. PRESAKO DESJABETZAPENA Orain arte azaldutako tramite solemneek desjabetzapen prozedura arrunta osatzen dute, baina gehienetan ez dira betetzen, presako prozeduraren bidez egiten baitira desjabetzapenik gehienak. Prozedura horrek, salbuespenezko prozeduratzat egituratuta, menperatu egin du azkenean prozedura arrunta (hori lehenago ere azalduta dago, desjabetzapen erakundearen bilakaera historikoa jorratu izan denean). Hori dela eta, ez dugu prozedura berezien barruan kokatu presako desjabetzapena; desjabetzapen prozeduraren aldagarritzat hartu izan dugu. Azken baten, prozedura arruntaren fase batzuk alderanztu baino ez da egiten presako prozeduran, aurreratu egiten da ondasunen okupazioa. Balioes pena behin betiko finkatu eta ordaindu baino lehen gertatuko da, orain, okupazioa, prozeduraren amaierara atzeratuko baita ordainketa. Presako prozedura, Derrigorrezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ukituriko ondasunen presako okupazioa adierazita hasten da, obra edota helburu zehatzen bat gauzatzearen ondoriozko okupazioa adierazita, hain zuzen. Ministroen Kontseiluak egin beharko du