DERRIGORREZKO DESJABETZAPENA
611
B) Balioespena aurkakotasunez finkatzea. Probintziako Desjabetzapen Epaimahaia Borondatezko hitzarmenerako deia egin eta hamabost egun igarotakoan hasten da, hitzarmen hori lortu ezean, Probintziako Desjabetzapen Epaimahaiak gauzatzen duen prozedura balioespena aurkakotasunez finkatzeko; pieza bananduan hasten da, eta adostasuna lortzeko probatu diren jarduketetako batzuk jasotzen dira bertan, baita desjabetu beharreko ondasunaren deskribapen zehatza ere (Araudiaren 27 eta 29. art.ak). Desjabetuek hogei egun izango dituzte preziamendu orria aurkezteko —desjabetzeko den ondasunari iritzitako balioa zehaztuko da bertan—; era berean, bidezko alegazio guztiak egin ahal izango dituzte epe horretan. Balorazioa, bestalde, arrazoitua izan beharko da, eta peritu baten sinadurak sendotu ahal izango du. Administrazio desjabetzaileak ere hogei egun izango ditu jabeen balorazioa onartu ala ezesteko. Onartzekotan, behin betiko finkatutzat joko da balioespena, eta Administrazioak ordaindu egingo du, ondasuna okupatu nahiz xedatu baino lehen (Araudiaren 29 eta 30. art.ak). Jabetzaren preziamendu orria onartzen ez badute, berriz, Administrazioak edota onuradunak eurek egingo dute beste orri bat. Orri berri hori jabeari jakinaraziko zaio eta horrek, aldi berean, hurrengo hamar egunak izango ditu berori onartu ala ezesteko. Ezetsiz gero, nahi beste alegazio azalduko ditu, metodorik egokienak erabilita bere balorazioa bidezkotzeko, froga egoki guztiak azalduz bidezkotu ere, 43. artikuluak ezartzen duena betetzeko (30.2. art.). Auzitegi Gorenaren iritzian, preziamendu orriak borondate adierazpenak dira, alderdietako batek besteari zuzenduak; eta, horien bidez, zehatz finkatuko dute batak galdu eta besteak eskuratutako ondasunari deritzoten prezio justua (1986ko apirilaren 25eko eta 1987ko urriaren 27ko epaiak). Adierazpenok lotu egingo dituzte alderdiak —Probintziako Desjabetzapen Epaimahaia eta auzibidezko auzitegiak ere bai— kalteordainaren quantumari dagokionez, baita finken hedadurari (1983ko urtarrilaren 28ko epaia) eta kalteordaina jasotzeko moduko kontzeptuei dagokienez ere (1984ko azaroaren 28ko eta 1987ko otsailaren 5eko epaiak); horrela, preziamendu orrietan jarritako uziak bakarrik azaldu ahal izango dituzte alderdiek, geroko administrazio nahiz judizio tramiteetan. Jabeak ezetsi eginez gero Administrazioak edota onuradunak eskainitako prezio arrazoitua, Probintziako Desjabetzapen Epaimahaira igaroko da balioespen espedientea. Jabeak eta Administrazioak nahiz onuradunak egindako preziamendu orriak ikusitakoan, epaimahai horrek erabaki betearazlea emango du desjabetu beharreko ondasun edota eskubideei dagokien balioespenari buruz; zortzi egun izango ditu gehienik horretarako. Salbuespenez, hamabost