DERRIGORREZKO DESJABETZAPENA
605
B) Baloratzeko irizpide eta arauak Derrigorrezko Desjabetzapenari buruzko 1836ko Legeak «laga edo besterenganatu beharrekoaren balioespena» eta «kalteordainaren prezioa» kontzeptuak erabili zituen, desjabetuak jaso beharreko konpentsazio ekonomikoa aditzera emateko, desjabetzapenak dakarkion gabetzearen ondoriozkoa, alegia. Indarreko legeak, bestalde, «balioespena» aipatzen du. Frantziako Zuzenbidean, berriz, Gizakiaren eta Hiritarraren Eskubideei buruzko Adierazpenaren 17. artikuluan bertan ere «bidezko eta aurretiazko kalteordain» kontzeptua erabiltzen da. Kalteordain hori zehazteko, salmenta balioa hartzen da oinarri, hau da, desjabetuak jasoko zuen prezioa desjabeturiko ondasun edota eskubidea saltzekotan. Dena dela, nolabaiteko erasoa ere jasaten du desjabetuak —edota ustekabeko ezbeharra, bestela esanda—; horrenbestez, «erabilera balioa» galtzen duen kaltetutzat hartu beharko da, eta ez derrigorreko saltzailetzat bakarrik. Horrexen ondorioz sortzen da gaur egun dagoen joera irtenbide berezia bilatzeko, pertsona bakoitzari egokituriko irtenbidea alegia; horretarako, ostera, «ordezkapen balioa» izenekoa erabiltzen da eta, berorren bidez, diru kopuru nahikoa ematen zaio desjabetuari lehengo egoera ekonomikora itzultzeko, desjabetzapena egin ordukora, hain zuzen. Italiako Zuzenbidean, bestalde, giusto prezzo kontzeptua erabiltzen da Derrigorrezko Desjabetzapenari buruzko 1865eko Legetik hona. Kontzeptu horrek ondasunen salmenta edo merkatu balioa adierazten du, hots , «que avrebbe avuto l’immobile in una libera contrattazzione di compravendita»; zatikako desjabetzapenak direnean, ostera, hauxe izango da balioespena: «differenza fra el giusto prezzo che avrebbe avuto l’immobile avanti l’espropiazione ed il giusto prezzo che potrá avere la residua parte di esso dopo la medesima» (39 eta 40. art.ak.). Bestalde, Konstituzio Auzitegiak 1986ko abenduaren 19ko epai horretan ohartarazten duenez, «Konstituzioak erabiltzen ez badu “balioespen” adierazmoldea, desjabeturiko ondasun edota eskubidearen balio ekonomikoa izan beharko da kalteordaina; beraz, beharrezkoa izango da nolabaiteko oreka egotea balio horren eta kalteordainaren zenbatekoaren artean. Oreka hori lortzeko, berriz, balorazio modu ezberdinak finkatu ahal izango ditu legegileak, desjabeturiko ondasun edota eskubideen izaeraren araberakoak; Konstituzioak, gainera, errespetatu egin beharko ditu moduok, zentzuzko oinarridunak izanez gero. Azaldutakoaren arabera —gehitzen du auzitegi horrek—, kalteordain egokia jasotzeko konstituzio bermeak eskubidea ematen du kontraprestazio ekonomikoa eskuratzeko, desjabeturiko ondasun edota eskubideen benetako balioari dagokiona, balio hori edozein delarik ere; izan