408
RAMON PARADA
Badago antzeko kasurik ere, teknika horrekin guztiz identifikatu ez arren; adibidez, zenbait enpresa Administrazioak antolatu eta zuzendutako corpusen baten sartzen direnean. Halakoetan, jarraibide hutsen edo ahozko aginduen pean jarri beharra egoten da, formalizaturik ez dauden jarraibide edo aginduen pean, alegia. Esate baterako, banka antolakuntzan edota nazioko sistema elektrikoan gertatzen den bezala; azken horretan, Aseléctrikak emandako telefono agindu berehalakoen bidez —beti ere, Industri Ministerioak eskuordetuta eta beraren kontrolpean— ematen dira ondoko manamenduak: baliabideak konjugatu eta alde batzuetatik besteetara aldatzekoak —edota enpresa nahiz merkatu batzuetatik besteetara—, jardunean ari diren zentral edota enpresak geldiaraztekoak eta, azkenik, Frantzia nahiz Portugalgo sistema elektrikoekin elkartrukatu edota konjugatzekoak.
5. JARDUERA MUGATZAILEAREN TEKNIKAK. ARAUKETA Polizi jarduera azaltzean, norbanakoen jarduera mugatzeko modutzat jotzen izan dira arauketa, baimena, aginduak eta debekuak. Zerrenda horixe agertzen da Toki Eraentzari buruzko 1985eko Oinarri Legean ere; baina lege horrek, baimena ezezik, «beste zenbait aurrearretazko kontrol modu» ere aipatzen ditu. Izan ere, eskubide eta askatasunak mugatzen dituzten eskuhartze guztiak ez dira bideratzen baimenaren teknika erabilita: teknika horrekin batera, beste era batzuk ere badaude administratuen jarduera lotzeko —modu motelagoan bada ere—; esate baterako, jarduera zehatzen bat jakinarazi edota erregistroren baten inskribatu beharra. Edozein kasutan ere, Administrazioaren lehenengo eskuhartze mugatzailea araudiak ematean datza, zalantzarik gabe. Egineginean ere, Estatuko Administrazioak nahiz autonomi erkidegoetakoek —zenbait legetan oinarrituta eta eurok garatzeko— muga batzuk ezartzen dizkiote administratuen jarduerari, eta araudiak erabiltzen dira horretarako. Gauza bera gertatzen da toki erakundeen eskumenen eremuan, alegia, erakundeok «ordenantza eta aginduak onetsi ahal izango dituzte eta alkateek bandoak eman ditzakete, baina horiek ezin izango dute legeen aurkako manurik eduki». Toki arautegi hori bete egingo dela bermatzeko, zehapen ahalgoa doitzen da. Zehapen hori zenbait isun ezartzean datza eta horiek, berriz, 25.000 pezeta baino gehiagokoak izan daitezke, milioi erdi bat baino biztanle gehiago duten udalerrietan; preskripzio epea, ostera, Zigor Kodeak faltetarako ezartzen duena izango da, eta premiamendu prozedura ere ezarriko da isunok kobratzeko (Toki Eraentzaren arloan indarrean dirauten xedapenen Testu Bateginaren 55.etik 59.erako art.ak). Hala ere, Administrazioaren araudien bidezko eskuhartzea aztertzeko, Administrazio zuzenbideko iturrien teoriara jotzen da. Izan ere, eskuhartze