Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 185

DERRIGORREZKO DESJABETZAPENA

573

epaileek babestuko dute desjabetua eta, behar izanez gero, itzuli egingo diote jabetza»). Joera berri horrek eraginda, gizarte betebeharren euskarritzat egituratu zuen Konstituzioak jabetza; ondorioz, ahalgo publikotzat hartu zen derrigorrezko desjabetzapena, eta ez jabeak defendatzeko tresnatzat. Ulerkera hori, bestalde, Espainiako 1931ko Konstituzioan ere ageri zen. Izan ere, Weimar­eko Konstituzioa oinarri izanik —berorren 135. artikuluak ezartzen zuenez, «jabetzak lotu egiten du, eta herri onurari zerbitzu egiteko erabili beharko da»—, Espainiako Errepublika garaiko bigarren Konstituzioak onartu egin zuen kalteordainik gabeko desjabetzapena: «nazioaren interes ekonomikoei lotuta egongo da herriko aberastasun guztia, edonorena izanik ere, eta zama publikoei eutsi beharko die, Konstituzioaren eta legeen arabera. Gainera, derrigorrez desjabetu ahal izango da, herri intereserako, edozein ondasun motaren jabea; baina kalteordain egokia eman beharko zaio horretarako, besterik xedatu ezean Gorteek erabateko gehiengoz onetsitako legeren batek. Baldintza horiek betez gero, gizarteko bihurtu ahal izango da jabetza (…). Hala ere, ezin izango da inoiz ezarri ondasunen konfiskazioa zigor legez» (44. art.). 1978ko Konstituzioaren 33. artikuluak amaiera eman dio bilakaera horri, jabetzaren gizarte eginkizuna nagusitzen duen konpromezua erabilita («es­ kubide horien gizarte eginkizunak —jabetza eta jaraunspen eskubideena— zehaztuko du euron edukia»); konpromezu horren bidez, bestalde, jabetza pri­ batua aintzatesten da modu esplizituan («jaraunspen eskubidea eta jabetza pribatuarena onartzen dira»), baita desjabetzapenaren izaera bermatzailea ere («ezin izango zaio inori ondasun nahiz eskubiderik kendu, baldin eta guztion onuran edota herri interesean oinarrituta ez bada; gainera, legeen arabera egin beharko da, egitekotan, eta kalteordain egokia emanda»). Halaber, lehenago esan den bezala, ahuldu egiten da jabetza eskubidearen lerruna, eta Konstituzioak dagoeneko ez dio horrenbesteko garrantzirik emango: orain lege arrunt baten bidez arautu ahal izango da, eta ez du konstituzio babesik izango.

3. MUGAK, ZORTASUNAK ETA DESJABETZAPENAK Konstituzioak jabetza bermatu ahal izateko, jabetza eskubidea zehaztu beharra egongo da lehenik; jabetzaren barruko ondasun eta eskubideak; jabetza publikoaren eta pribatuaren eremuak; jabetzari egin dakizkiokeen mugaketak eta kalteordaina jasoko duen mugaketa; jabetza babesten duten prozedurak; horiek erabiltzen duten berme sistema, etab. Zuzenbide publikoan, ostera, zibilean baino norainoko zabalagoa dauka jabetza kontzeptuak. Azken horretan, izan ere, kontzeptu horrek aditzera


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.