Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (2)

Page 170

558

RAMON PARADA

Tartekaritza eginkizunak gero eta jarduera garrantzitsuagoak dira Ganbara Ofizialetan. Horrela, Hiri Jabetzaren Ganbarak tartekari izaten dira jabeen artean sor daitezkeen gatazketan, baita jabeen eta euren menpe nahita jarritako maizterren artean sortzen direnetan ere (1975eko martxoaren 29ko Agindua). Bestalde, maiatzaren 22ko 1.094/1981 Errege Dekretuak eskuespena eman zion Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbara Ofizialen Gorengo Kontseiluari Zuzenbideko eta ekitatezko tartekaritzak egiteko Nazioarteko Merkataritzazko Tartekaritza Zerbitzuaren bidez egiteko, hain zuzen; zerbitzu hori, berriz, pertsona fisiko nahiz juridikoek egindako tartekaritza akordio edota konpromezuetan aplikatzen da, baldin eta pertsonok Estatu desberdinetan badute euren ohiko bizileku edo egoitza akordio horiek egiterakoan. Tartekaritza korporatibo horiek guztiak beren beregi utzi ziren 1953ko abenduaren 22ko Legearen aplikazio eremutik kanpo; lege horrek, ostera, «korporazio horiek arautzen dituzten xedapenen menpe» jarri zuen euren diziplina (1go. art.). Egoera hori erabat aldatu da abenduaren 5eko 36/1988 Lege berriarekin; izan ere, horrek tartekaritza sistema berriaren protagonista nagusi bihurtu nahi du Administrazio Korporatiboa eta, horretarako, arautu egin du alderdien aukera honakoen eskuetan jartzeko tartekaritza: «Zuzenbide publikoko korporazioen eskuetan, baldin eta tartekaritza lanak egin ahal badituzte eurok araututako arauen arabera…» [10.1.a) art.]. Halaber, Legeak ezartzen duenez, notarioak protokolatu beharko ditu tartekaritza araudiak, eta Korporazioa, gainera, beharturik geldituko da tartekaritza gauzatzera berori onartzen den unetik bertatik (10.2 eta 10.3. art.ak). Korporazioak tartekari jarduteko ardura onartzen ez badu, ostera, judizio bidez formalizatuko da tar­ tekaritza hori; beraz, alderdiak ados jarri ezean, judizio bidea irekiko da ga­ tazka hori konpontzeko (38. art.). Tartekariak eta tartekariburua izendatzeko, berriz, Korporazioko araudiak beteko dira, baldin eta araudiok bat badatoz Tartekaritzari buruzko Legearekin; halaber, ezin izango dira tartekari izendatu agindutako epean edota berorren luzapenean euren lana betetzen ez dutenak, ezta lehenagoko tartekaritza eginkizunen ondorioz epaileak adierazitako erantzukizuna dutenak ere, (13 eta 14. art.ak). Tartekaritza prozedura ere, bestalde, Korporazioak ezarritako arauek eraenduko dute, eta horiek, aldi berean, legeak ezarritakoari lotu beharko zaizkio beti, hau da, entzunaldi, aurkakotasun eta alderdien arteko berdintasun printzipio oinarrizkoei (21. art.).

8. TARTEKARITZA JARDUERA ADMINISTRAZIO ZEIN POLITIKARI BURUZKO GAI ETA ESKUBIDEETAN


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.