ZEHAPEN JARDUERA
497
hori hautsi egingo zen autonomi erkidego bakoitzak eraentza zehatzaile desberdina ezarriz gero. Nolanahi ere, Konstituzio Auzitegia ez da iritzi berekoa, ze berak dioenaren arabera, «autonomi erkidegoek administrazio arau zehatzaileak eman ahal izango dituzte, baldin eta, gai horri buruzko eskumenak dituztela, xedapenok Konstituzioak zehapen arloan ezarrita dituen bermeetara egokitzen badira (EKren 25.1. art., batez ere), eta lortu nahi den helburuarekiko zentzu eta neurririk gabeko desberdintasunik sartu ezean, beti ere, kontutan hartuta lurraldearen beste zenbait lekutan aplikatu ahal den eraentza juridikoa» (uztailaren 16ko 87/1985 epaia). Hain zuzen ere, manu horrek berdintasun muga hori gainditzen zuela eta —lurraldearen beste zenbait lekutako zehapenen zenbatekoarena, hain zuzen—, aurkaraturiko autonomi arauaren manu bat bakarrik deuseztatu zuen epai horrek, manuak gainditu egiten baitzuen Estatuko legerian ezarritako zehapenaren zenbatekoa (industria behinbehinean ixtea, gero behin betiko ixteko).
6. ERANTZUKIZUNA ETA ERRUDUNTASUNA ADMINISTRAZIO URRATZEETAN. PERTSONA JURIDIKOEN ERANTZUKIZUNA Administrazio zehapenak zigor eraentzara egokitzeko prozesua jokabide urratzailearen aspektu subjektiboetara eta berorren emaitzetara ere hedatzen da; eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen dira erantzuleak gaitzesteko elementu subjektiboak. Gehien erabiltzen den zigor sisteman, erruduntasuna gaitzespen iritzi pertsonala da, egintza tipiko eta Zuzenbidearen aurkakoren bat egiten duenari buruzkoa, hain zuzen. Gaitzespen hori egin ahal izateko, hiru baldintza bete behar dira: lehenengo eta behin, errudunak berak eragitea jokabide ezzilegia sortzen duen egite edo ez egitea, egile, sopikun nahiz estaltzaile legez eragin ere; bigarrenik, egintza egozkarria izatea, hau da, ez egotea egilearen jarduteko gaitasuna ukitzen duen inguabarrik ez egotea; eta, azkenik, ezinbestekoa izango da egilea erruduna izatea, alegia, egileak nahita jardutea —Zigor Kodeak dioenez, egintzak nahita eta erruz egitea—. Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak 130. artikuluan jorratzen ditu, modu ez oso baten, arazo horiek guztiak —pertsona juridikoen erantzukizuna, administrazio urratzearen ondoriozko erantzukizuna eta askoren egilegoa baino ez ditu aipatu—; edozein zigor ahalgoren izaera ikusita, ordea, horien irtenbidea bilatzeko ardura Zigor Kodearen eskuetan uztea izango zen egokiena. Zer ematen du aditzera arauketaren urritasun horrek? Desberdinak direla Administrazio zuzenbideko elementu hobendatzaileak eta Zigor zuzenbidekoak?, ez dagoela mailarik egilegoan?, eta, ondorioz, sopikun izatea edo