ADMINISTRAZIO EGINTZA. MOTAK ETA OSAGAIAK
93
epailearen kontrolpetik kanpo uzteari begira. Zuhurtziarako egintzak, araututakoak ez bezala, zuhurtziarako gaietan emandakoak dira edo, nahiago bada, zuhurtziarako ahalgoak egikaritzean ematen direnak. Zuhurtziarako egintzaren kontzeptua, gaiaren aldetik administrazio gai nahiz eskumen batzuk aipatuz definitua, 1890eko abenduaren 29ko Administrazioarekiko Auzibideari buruzko Araudian «nabari» agertzen da. Horrek, azterturiko egintza politiko edo gobernu egintzak ezezik, horiexek sartzen ditu zuhurtziarako ahalgoaren barruan ere: «Administrazioari eskaturiko era guztietako emakidak ukatzen dituzten ebazpenak, baita zerbitzu bereziak egiten dituzten funtzionario publikoei emandako haborokin edo gratifikazioak eta zerbitzusariak —legeek zein araudiek finkatzen ez dituztenak— ukatu eta araupetzen dituztenak ere». Halaber, ezin ziren errekurritu, eta, horrenbestez, zuhurtziarako ahalgoaren antzekoak ziren «Administrazioaren adierazpenak, gai bat ezagutzeko zuen eskumenari edota eskumenik ezari buruzkoak, baita funtzionario publiko zibil nahiz militarrei ezarritako diziplina zehapenak ere, mugiezineko enplegatuak kargutik apartatzea zekartenak salbu». Administrazioarekiko Auzibide Jurisdikzioari buruzko indarreko 1956ko Legeak ezabatu egin zuen zuhurtziarakotasunaren kontzepzio material hori, ze ez du esaten, epailearen kontrolpetik uzteko, gai edota eskumen zehatz batzuk zuhurtziarakoak direnik. Hala ere, salbatu egiten du zuhurtziarakotasunaren nozioa. Legeak egindako zioen azalpenaren arabera, «horren zergatia, jurisprudentziak berak ere aldarrikatu duenez, horrexetan datza: zuhurtziarakotasuna ezin da egintza baten osagai guztietarako izan, osotasunean hartutako egintza baterako alegia; ez da sortzen egitatezko kasuari aplikatu ezin zaion araurik ez egotearren; eta ez da egintzaren legebidezkotasunaren edo legebidezkotasun ezaren eduki arazoari buruzko priusa. Aitzitik, zuhurtziarakotasunak egintzaren osagaietarikoren bat izan behar du helburu beti, eta, horrenbestez, gainontzeko elementuak aurkaratu egin daitezke; edukizko arazoa da ea zuhurtziarakotasunik dagoen zehaztea, eta egintzaren legebidezkotasuna aztertzen denean bakarrik ahal izango da esan zuhurtziarakoa den ala ez; azken finean, zuhurtziarakotasuna sortzeko, beharrezkoa izango da antolamendu juridikoak kasu zehatz batean herri interesekoa dena aztertzeko eskumena eratxikitzea organoren bati. Zuhurtziarakotasunak, laburtzeko, deuseztapen uziak bidezkoak ez izatea justifikatzen du, eta ez onartzekoak ez izatea. Bidezkoak ez badira, berriz, ez da egintza zuhurtziarakoa delako; antolamendu juridikoak Administrazioari eskuordetu dionez egintza horren osagaiaren konfigurazioa, herri interesaren arabera, organoak Zuzenbidearen arabera jardun duelako izango da eta, beraz, egintza legebidezkoa delako». Legearen doktrina horren arabera ez dago, beraz, erabat zuhurtziarakoa den eskumen edo ahalgorik, eta horiek ezin dira aipatu administrazio egintzen edukiaren judiziamendua egiteko. Hala ere, Jurisdikzio Legeak zuhurtziarako