90
RAMON PARADA
Hala ere, herri botere guztietatik, Epai Boterearen Kontseilu Nagusiak ematen du judiziotaratzeko moduko jarduerarik gehien eta, horrenbestez, administraziozkotzat jo daitezkeen egintzarik gehien. Kontseilu hori Administrazio zuzenbidearen eta beraren jurisdikzio bereziaren menpe egongo da egiten dituen jarduera guztietan, Herri Administrazioa bailitzan. Horrela, beraren jarduerarik ohikoena —epaileak izendatzea, epaileen eta magistratuen egoerak aztertzea eta diziplina neurriak ezartzea—, Administrazio zuzenbidearen printzipio eta prozedurei lotuta egongo da; eta Auzitegi Gorenak epaituko du, Administrazioarekiko auzibideen eran. Epai Boterearen Kontseiluak bere langile, kontratu eta ondasunei buruz egiten duen jarduera logistiko edo instrumentala ere, jakina, administrazio eraentzari eta kontrol berdinari lotzen zaie (Epai Botereari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 142 eta 143. art.ak).
3. EGINTZA POLITIKOAK EDO GOBERNU EGINTZAK Lehenago egindako definiziotik ateratzen den administrazio egintzen mugaketaren ondorioz, Administrazioaren zenbait jarduera eta ebazpen inoiz kanpo uztea planteatu behar da orain; euren edukia dela eta, administrazio mailaren auzitegiek judiziotaratu ezin dituzten jarduera eta ebazpenak hain zuzen. Euren artean gobernuaren egintzak aipatu behar dira, batzuetan («gobernu egintzak» izenez ezagutzen ditugunen kasuan) ez baita jotzen epaileak kontrola ditzakeela, Estatuko Administrazioaren organo batek (Ministroen Kontseiluak, esaterako) ematen baditu ere. Frantziako Zuzenbidean, «gobernu egintza» edo «egintza politiko» kontzeptua Borboitarren itzulerarekin sortu zen. Estatu Kontseiluak zuen defendatzeko mekanismoa zen, jendeak beraren jatorri napoleonikoa barkatzea lortu beharra baitzuen, eta borrokatu beharra, iraun ahal izateko. Gobernari berriek atsegin duten kontzeptu horrek aukera ematen dio Estatu Kontseilurari «zio politiko» batean oinarrituriko administrazio egintzak eta, batez ere, Gobernu egintzak uzteko ahalmen gehiegikeriagatiko errekurtsotik kanpo, eta judizioz erasoezintzat hartzen ditu. Hala ere, 1875etik aurrera Estatu Kontseiluak ahalik eta gehien murriztu zuen kontzeptu hori, eta gobernu eginkizuna (eta ez Administrazioarena) egikaritzean emandako egintzetara lotu zuen. Gobernuak Parlamentuarekin eta beste zenbait herri botererekin dituen harremanetarako eginkizunak, nazioarteko harremanei buruzko egintzak eta gerra arazoei loturiko neurriak bakarrik har daitezke gobernu eginkizuntzat; horrenbestez, epaileak egindako fiskalizazioari begira, gai horiei buruzko egintzak ez dira administrazio egintzatzat jotzen, baina bai Gobernuaren beste xedapen eta ebazpen guztiak.