Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 76

76

RAMON PARADA

Bigarren taldea erregela teknikoagoek osatzen dute. Erregela horiek Kode Zibilean edo egoera berezi batzuei buruzko prozedura legeetan formulaturik aurkitu ditu Estatu Kontseiluak; hortik hartu eta, zabaldu eta egokitu ondoren, administrazio mailara aldatu ditu, maila juridiko osoarenak direla uste duelako. Hauexek dira: Zuzenbidearen atzeraeragintasun­ezaren printzipioa, egindako hutsa kaltea ordaintzeko beharrizanarekin lotzen duena; ezin dela inor inoren kontura aberastu dioena; eta ezin dela inor kondenatu defendatzeko aukerarik izan ez badu dioen printzipioa, Estatu Kontseiluak zigor errepresiotik hartua. Hirugarren taldera biltzen diren printzipioek oinarri moral hutsa dute eta epaileak Administrazioari ezartzen dizkio: lehenengo eta behin, Administrazioari guztion ondasuna zein interesa lortzeko helburu bakarra esleitzen dion printzipio handia; printzipio horrek deuseztatu egiten ditu helburu pertsonal edo norbanako bati begira hartutako neurri guztiak. Halaber, Administrazioak ez duela gezurrik esan behar dioen printzipioa, zehazgabetzat jotzen diren arrazoiak dituzten erabakiak deuseztatzera daramana. Badago, azkenik, beste printzipio talde bat, Estatu Kontseiluak «gauzen izaera» aztertzetik, erakundeen logikatik, ateratzen duena; logika honen arabera, helburu zehatz batek bide zehatza eskatzen du: herri zerbitzuen izaerak, adibidez, berak dakar etenik gabe jardutea eta, horrela, herri zerbitzuaren iraunkortasunaren printzipioa ateratzen da; hierarki boterearen izaerak goikoari araudizko eskumena eratxikitzea dakar eta eskumen hori beharrezkoa da beraren ardurapean dagoen zerbitzua behar bezala eskaintzeko; gobernuaren ekintzak berak dakar (herri interesak eskatzen duenean) legearen edukiari hitzez hitz ez jarraitzeko ahalmena, baldin eta horrek beharrezko ekimenak modu arriskutsuan geldiarazten baditu (hemendik «inguruabar berezien» teoria ateratzen da; teoria honek beharrezko erabakien legezkotasuna aintzatesten du krisialdia dagoenerako, praeter legem edo contra legem hartu badira ere).

C) Printzipio orokorrak Espainiako Administrazio zuzenbidean Printzipio orokorrak Zuzenbidearen iturri direla zalantzarik gabe onar daiteke, Kode Zibilak printzipio horiek aipatzen baititu 1.4. artikuluan: «Zuzenbidearen printzipio orokorrak legerik edo ohiturarik ezean aplikatuko dira, antolamendu juridikoa eratzeko duten izaeraren kalterik gabe». Gainera, Espainiako Administrazio zuzenbideak ere Administrazioarekiko Auzibide Jurisdikzioari buruzko 1956ko Legearen zioen azalpenean aintzatetsi zuen iturri hori; bertan, administrazio egintzaren aurka agertutako uziei oniriztea edo gaitziriztea ekar dezaketen oinarri juridikoei buruz, hauxe esaten da: egintza bat Zuzenbidearekin ados dagoen ala ez esaten denean, ez da bakarrik Zuzenbide idatzia aipatzen, Zuzenbide orokorra ere aipatzen da, hau da,


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.