72
RAMON PARADA
garrantziaren susmorik. Batzuen iritzian, Zuzenbidearen printzipio orokorrak Zuzenbide naturalaren printzipioekin identifikatzen ziren, norbere ideologiaren arabera ulertuak; beste batzuek, orain egiten den moduan, Zuzenbidearen printzipio orokorrak Zuzenbide positiboaren printzipio eratzaile edo informadoretzat —antolamendu juridikoaren bobedadun arkutzat— baino ez zituzten joko agian, edota gauza biak batera bailiran; itxuraz horixe adierazi nahi du Kode Zibilaren 1.4. artikuluak: «Zuzenbidearen printzipio orokorrak lege edo ohiturak egon ezean aplikatuko dira, antolamendu juridikoa eratzeko duten izaeraren kalterik gabe». Beti ere, bistakoa da printzipio orokorrak Zuzenbidearen iturri bailiran ezarri zituenean, Kode Zibila ez zela batere originala izan, formula Italiatik inportatu baitzen —1865eko Kode Zibiletik—. Neurri handi batean gure lan kodetzailearen oinarri izan zen Napoleonen Kodeak, ostera, ez ditu ezertarako ere aipatzen Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Gainera, esan behar da inportazioaren ezaugarriak oraindik dirauela gai honetan, Espainiako doktrinak eta jurisprudentziak ez baitute inoiz eman Zuzenbidearen printzipio orokorren izaera eta edukinari buruzko azalpen zentzuzkorik. Hortaz, komenigarria da Zuzenbidearen iturri honek beste sistema juridiko batzuetan duen norainokoa azaltzea, Espainiako Zuzenbidean eman dakiokeeen esanahia sistema horietatik baloratzeko.
A) Ultra viresa eta natural justicea Ingalaterrako Zuzenbidean XVIII. mendera arte, Ingalaterran printzipio aldaezin eta betiko batzuk zeudela sinesten zen; printzipio horiek Botere Legegilearen beraren arauei ezartzen zitzaizkien. Baina XVIII. mendean nagusitu zen Parlamentuaren subiranotasun teoria modernoa eta kontzepzio hori bateraezinak ziren. Gaur egun, Ingalaterrako Zuzenbidean, Parlamentuaren subiranotasunaren dogmak eta lege idatziaren nagusitasunak —hau da, positibismoak— ez dute inolako mugarik. Beraz, justizia naturalak, Zuzenbide naturalak, Jainkoaren Legeak, Zuzenbide erkideak edo arrazoiak (oinarrizko eta betiko legearen kontzeptu zaharraren aldaerak, alegia) ezin dute dogma hori mugatu (WADE). Hala ere, nozio horiek eta euren printzipioak Zuzenbidea interpretatzeko eta beraren hutsuneak osatzeko erabiltzen dira orain Zuzenbide idatzia aplikatzen denean. Auzitegien iritzirako —eta Parlamentuaren jokabideak ez du gezurtatzen iritzi hori—, legetik datozen ahalmenak legeak berak edota ahalmen horiek modu zuzen eta egokian egikaritzera behartzen duten printzipio batzuek mugatzen dituzte. Positibismoa zuzentzen duten printzipio horiek ultra viresa osatzen dute; honek, berriz, modalitate bi ditu: bata edukizkoa (substantive ultra viresa), ahalmenen muga materialei buruzkoa, eta bestea