70
RAMON PARADA
6. OHITURA ETA ADMINISTRAZIO AURREKASU EDO EGINERAK Administrazio zuzenbidea Zuzenbide positibista da oinarrian, eta burokrazi jatorria izan eta hausnarketa baten ondoren sortu diren arau idatziek osatzen dute gehienbat. Zuzenbide horrek oztopo egiten zion ohitura iturri juridiko modura onartzeari, ohitura hori gizarte edo herri jatorria duten ondoko elementu bi hauek bereizten dutelako: erabilera edo jokaera errepikatu zein eraberekoa, eta juridikoki beharrezkoa dela uste izatea. Behinola MAYERek egin zuen bezala, ohitura ezin dela Administrazio zuzenbidearen iturri izan sustraitik esateak (legerik ez dagoenean Administrazioaren zuhurtziarako botereak jarduten duelako argudioan oinarriturik, eta onartezina izanik Administrazioak ohitura erabilita Zuzenbidea sortzea), edota ohitura bera ez ezagutzeak, Frantziako doktrinak orokorrean egiten duen moduan, ez dauka zentzurik, behintzat Espainiako Zuzenbidearentzat, ze bertan Kode Zibilaren 1. artikuluaren arauketa orokorrak Zuzenbidearen iturri izatea aintzatesten dio ohiturari. Beste gauza bat da, hala ere, ohiturari Administrazio zuzenbidearen iturri modura balio mugatua aintzatestea. Izan ere, Kode Zibilaren 1.3. artikulua ikusita, onartu egin behar da secundum legem den ohitura, eta horretara arau idatzi guztiak sartu (ondorioz, araudiak ere bai); eta contra legem den ohitura, berriz, ezetsi egin behar da. Artikulu horrek ohitura legearen ostean eta Zuzenbidearen printzipio orokorren aurretik aipatzen du: «ohiturak bakarrik eraenduko du aplika daitekeen legerik egon ezean, baldin eta moral edo ordena publikoaren aurkakoa ez bada eta frogatzen bada. Borondate adierazpenen bat interpretatu baino egiten ez duten usadio juridikoak ohituratzat hartuko dira». Gainera, administrazio legeriak berak deitzen du ohitura (oso hipotesi mugatu, bazterreko eta garrantzi handirik gabekoetan bada ere) gai jakin batzuk arautzeko eta horrek ohitura Administrazio zuzenbidearen iturritzat onartzea sendotzen du. Gaiok, besteak beste, ondokoak dira: kontzeju irekiko udal eraentza, bertako organo nagusia den auzo biltzarraren jardunbide edo funtzionamendua «usadioek, ohiturek eta tokiko tradizioek» eraenduko dutela (Toki Eraentzari buruzko Oinarri Legearen 29. art.); mankomunitate, lur, edo hiribildu eta lur, edo hiri eta lur erkidego, bazkidego, errege jaurerri, unibertsitate, bazka, egur, ur zein antzekoen erkidego izeneko Entitateen eraentza, horiek guztiak «aurrerantzean ere euren ohiturazko edo tradiziozko arauek eraenduko baitituzte» (1986ko apirilaren 18ko Testu Bateginaren 37. artikuluak dioenaren arabera); auzo ondasunen aprobetxamendu eta luperketaren eraentza, «betidanik bete diren toki ordenantzei edo ohiturazko arauei» doituko zaiela (1986ko Toki Korporazioen Ondasunei buruzko Araudiaren 95. art.); ehiza mota zehatz batzuen eraentza edo ehizien jabea zehazteko irizpideak, tokiko usadio eta ohiturei jarraitzen diete eta (Ehizari buruz