Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 61

ARAUDIA ETA ADMINISTRAZIO ZUZENBIDEAREN BESTE ZENBAIT ITURRI

61

esaterako, Administrazioak funtzionarioekin edo herri zerbitzu bat erabiltzen dutenekin (ikasleekin, ospitale bateko gaixoekin etab.) dituen harremanak. Araudi juridikoek, aldiz, eskubideak arautu nahiz ezarri edota eginbeharrak inposatzen dituzte nagusitasun orokorraren harremanen esparruan, hau da, Herri Administrazioaren eta hiritar guztien artean ezarritako harremanen esparruan. Bereizketa hori garrantzitsua da legearen erreserbaren printzipioari dagokionez: araudi juridikoak bakarrik onartzen dira aurretiazko legeren bat garatzeko edo, bestela esanda, gaitzeko lege bat behar dute (azken finean, jabetza zein askatasuna edota Zuzenbide pribatuaren ohiko edukiak ukitzen dituzte eta); administrazio araudiek, ostera, Administrazioaren barneko esparruan dute eragina eta, hori dela eta, lege erreserba formalaren printzipioa bakarrik errespetatu behar dute, hau da, ezin dute beronen arauketaren kontra jo, goragoko arau hori dagoenean.

C) Jatorriaren araberako bereizketa Emaile den Administrazioaren arabera, araudiak honela sailkatzen dira: Estatukoak, autonomietakoak, tokikoak, erakundeetakoak eta korporazioetakoak. Aldaera horiek agerian jartzen dute ez dagoela eraentza erkide eta uniforme edo eraberekorik guztiak arautzeko. Eraberekotasuna printzipioen arloan bakarrik baiezta daiteke. Anitzak dira, berriz, onesteko eta argitaratzeko sistema eta batzuen zein besteen agintaritza; hau, izaki edo entearen esparruaren eta onesten dituen organoaren hierarkia mailaren araberakoa da. Hierarkia handiena duten Estatuko araudiak, jakina, Gobernuarenak dira, Konstituzioaren 97. artikuluak beroni eratxikitzen baitio araudizko ahalgoa berariaz; Errege dekretuaren formarekin onetsi eta argitaratzen dira. Horien eta Gobernuko batzorde eskuordeak erabakitako aginduen menpean, ministroen araudiak daude beraien sailaren gaietan ministro­aginduen forma dutela, baita beheragoko agintarienak ere; kasu honetan, eta ematen dituen agintariaren arabera, ebazpen, jarraibide edo zirkular forma izango dute (Estatuko Administrazioaren Eraentza Juridikoari buruzko Legearen 25 eta 27. art.ak). Autonomi erkidegoetako araudiek Estatukoen antzeko arazoak dituzte eta haien moduan izendatzen dira: dekretuak, Gobernu Kontseiluarenak edo Autonomi Erkidegoko Gobernuarenak; aginduak, kontseilarienak etab. Kasuren batean, Asturiesen, esaterako, araudizko ahalgoa autonomietako legegileari ere eratxikitzen zaio (abenduaren 30eko 7/1981 Lege Organikoaren 23.2 eta 33.1. art.ak).


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1) by elkarmedia - Issuu