ARAUDIA ETA ADMINISTRAZIO ZUZENBIDEAREN BESTE ZENBAIT ITURRI
59
batzuetan bilatu da, esaterako, ez agortzearen irizpidean. Izan ere, araudia arau bat da eta, horrenbestez, ez da behin edota sarriagotan aplikatzearren agortuko; aldiz, zenbat eta gehiago aplikatu gero eta indarraldi sendoagoa izango du; administrazio egintza orokorra, ostera, egun bateko lorea da, ez du irauteko joerarik eta; hiritar足talde asko edo hiritar guztiak (esaterako, hauteskunde batzuetarako deialdia) ukitzen baditu ere, behin aplikatuz gero iraungi egingo da. Araudizko ahalgoa bidezkotzeko, botereen banaketaren printzipioak ematen zuela esan ohi da. Erregeari eratxiki zitzaion legeak borondatez zein auzibidez betearazteko erantzukizuna, Botere Betearazlearen buru baitzen (horrela, justizia Erregearen izenean administratuko da eta Erregeak, hasieran, epaileak izendatzean ere parte hartuko du); betearazpen horrek, lehenengo aldi batean, arau berezi eta zehatzago bat ematea zekarren, hau da, araudia. Hain zuzen ere, botere betearazletik datozela eta, Frantziako Zuzenbidean araudiak ez dira iturri modura ikasten, administrazio egintza modura baizik. Anglosaxoniarren tradizioan, aldiz, legegintza eskuordetza inplizitura jotzen zen (delegated legislation), Koroak arau batzuk Parlamentua kontutan hartu gabe edota baztertuta emateko aukera bidezkotzeko. Hala ere, Konstituzioek araudizko ahalgoa arautu dutenetik, teoria horiek eta beste zenbait (esaterako, ahalgo hori Administrazioaren berezko boteretzat hartzen duena) soberan daude ikuspuntu juridikotik begiratuta; baina balio handia dute ahalgo horren azalpen material gisa. Garrantzia dutenak bidezkoketa formalak dira eta horiek orain Konstituzioetan daude, esaterako, Frantziakoan eta Espainiako 1978koan; lehenengoaren barruan araudien erreserba materiala dago, hau da, legeak jorratu ezin dituen gai multzoa; eta ezin ditu jorratu beraien arauketa Gobernuari uzten zaiolako, oso足osorik, ordenantza batzuen bidez. Espainiakoak Gobernuari eratxikitzen dio araudizko ahalgoa (97. art) eta prozeduraren oinarrizko tramiteak ezartzen ditu administrazio xedapen orokorrak onesteko (105. art.).
2. ARAUDI MOTAK Bereizketarik erabilienak, eta egokienak araudien arazoaren berri emateko, araudiek legearekin dituzten harremanen, arautzen dituzten gaien, eta beraiek ematen dituzten agintaritzaren arabera sailkatzen dituztenak dira.
A) Legearekin dituzten harremanen araberako bereizketa