Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 49

ZUZENBIDEAREN ITURRIAK

49

dagokion gai bat sartzea ez da Konstituzioaren aurkakoa, gehiegizko luxu formala bada ere. Hala ere, horrek ez dakar gaiaren arauketak etorkizunean lege organikoen eraentzari jarraitu eta beste lege organiko batek aldatu edo indargabetu behar izatea derigorrez. Tesi hori ateratzen da, zalantzarik gabe, Konstituzio Auzitegiari buruzko Lege Organikoaren 28.2. artikuluan xedatutakotik. Honek dioenez, lege lerruna duen lege nahiz arauren bat Konstituzioaren aurkakotzat jo daiteke lege organiko bat, «bere edukia edozein dela ere», aldatu edota indargabetzen duenean. Baina Konstituzio Auzitegiak ezetsi egin du bere lege organikoak erakusten duen kontzepzio formal hau, eta hauxe esan du interpretazio honetaz: «gehiegizko petrifikazioa edo enultasuna sortaraz dezake antolamendu juridikoan, une jakin batean Parlamentuko gehiengoa dutenen alde eta Estatuaren izaera demokratikoaren kaltetan, ze Konstituzioak gehiengoaren jokoan oinarritutako demokrazia lehenezarri eta kasu zehatz eta apartekoentzat bakarrik utzi du gehiengo kualifikatu zein indartuetan oinarritutako akordiozko demokrazia» (1981eko otsailaren 13ko epaia).

6. LEGE INDARRA DUTEN GOBERNU ARAUAK: DEKRETU­LEGEAK ETA LEGEGINTZAZKO DEKRETUAK Ikusi den moduan, subiranotasuna Parlamentuan dago eta, ondorioz, legegintza ahalgoa ere bai. Parlamentu horren nagusitasun politikoaren kontzeptuak ez du galarazten Gobernuak legegintza eginkizuna kontrolatzea, Parlamentuan duen gehiengoa eta legegintza ekimenezko ahalmena egikarituz, Ganbaretan dagozkion lege proiektuak aurkeztean. Baina legegintzarako prozedura arrunta menperatzeaz gain, Gobernuak, araudizko ahalgoa alde batera utziz, dekretu­lege eta legegintzazko dekretuen bidez lege lerruneko arauak emateko ahalmena ere badu era formalean eratxikita.

A) Dekretu-legeak Gobernu jatorria duten aldetik, dekretuak dira eta, euren balio formalari dagokionez, benetako legeak: horrexegatik dute izen hori. Dekretu hauek XIX. mendearen azkenean agertu ziren eta Munduko Lehenengo Gerraz geroztik maiz erabiltzen dira. Hasiera batean, salbuespenezko hainbat inguruabarren pilaketan bidezkotu zen euren erabilera, baina gero presa hutsaren arabera eta Parlamentuko lanaren geldotasunak derrigortutako hautabidetzat legebidezkotu ziren.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.