386
RAMON PARADA
Horrez gain, Administrazioak kontratua aldatzeko duen ahalmena jasan beharko du kontratariak; aldatze horrek eragina izan dezake, bai kontrataturiko zerbitzuaren ezaugarrietan eta bai enpresariari ordaindu behar zaizkion tarifetan. Aldaketak bigarren alde hori ukitzen badu, hau da, kontratuaren finantza eraentza ukituz gero (esate baterako, tarifak laburtuta), Administrazioak ordainen bat eman beharko dio enpresariari kontratua burutu zen uneko oreka ekonomikoak irauteko. Baina Administrazioaren erabakiek zerbitzua bera ukitzen dutenean, aldatzeak eragin ekonomikoa izan beharko du emakidadunak erreklamatu ahal izateko (164. art.). Bestalde, eta lehenago esan den bezala, zerbitzuÂkudeatzailearen eskubideak kontratuan ezarritako diru prestazioak jaso eta, ahal denean, horiek berrikustea baino ez dira izango (163. art.). Kontratariak baditu beste zenbait eskubide, bigarren mailakoak alegia, baina egin behar dituen obrak gauzatzen lagunduko diotenak: herri jabariko ondasunak itundutakoaren arabera erabiltzea eta derrigorrezko desjabetzapenaren onuraduna izatea. Gainera, Kontratuei buruzko Legearen Araudiak dioenez, Administraziotik auzotartasun onura jasotzeko eskubidea ere izango du, baita tarifak jasotzeko premiamenduzko prozedura aplikatzeko aukera ere, erabiltzaileen aurka (Kontratazioari buruzko Araudi Orokorraren 220. art.). Dena dela, premiamendu bidea erabili ahal izateko, legeak onartu egin beharko du aukera hori, eta premiamendua, berriz, Zerga Administrazioaren organoek egingo dute, nahiz eta emakidadunarentzat izan (Zergei buruzko Lege Orokorraren 138 eta Zergabilketari buruzko Estatutu Orokorraren 174. art.ak).
22. ZERBITZUEN KUDEAKETA KONTRATUAREN AZKENTZEA. LUDIKETA EDO ERRESKATEA Zerbitzuen kudeaketa kontratuaren azkentzea eta herrilan edota hornidura kontratuena sortarazten duten kariak antzekoak dira oinarrian. Hala ere, zerbitzuaren ibilerak behar dituen jarraikortasun eta erregulartasunaren arabera egituratuta daude; izan ere, emakiden eraentza juridikoa beti saiatzen da interes orokor nagusi hori zaintzen. Alderdi bien arteko adostasunaren eta emakidadunak duen gertatze bidezko ezgaitasunaren ondorioz ezezik (porrota edota ordainketen etendura adieraztea, enpresaria hiltzea edo pertsona juridiko kudeatzailea azkentzea), ondoko kariengatik ere azkenduko da herri zerbitzuen kudeaketa kontratua: gertatze bidezko baliogabetasun, betetze nahiz suntsiarazpenagatik. Betetzeari dagokionez, kontratuan ezarritako epea betetzen denean bakarrik azkenduko da kontratu hori. Behin kontratuaren epemuga bete eta gero, zerbitzua lehengoratu egingo zaio Administrazioari, eta ÂŤenpresariak kontra-