ADMINISTRAZIO KONTRATU TIPIKOAK
383
20. ZERBITZUEN KUDEAKETA KONTRATUAREN AURRETIAZKO JARDUERAK. PUBLICATIOA, ADJUDIKAZIOA ETA FORMALIZATZEA Herri zerbitzuen kudeaketa kontratuak esan nahi du norbanako batek gauzatuko duela administrazio jarduera, eginkizun edo eskumenen bat; ondorioz, Administrazioak aurretiaz bereganatuta eduki beharko du jarduera, eginkizun edo eskumen hori. Horrexetarako erabiltzen da jardueraren publicatioa, eta Legeak ere aipatzen du: «herri zerbitzu baten kudeaketa kontratatu orduko, aldarrikatuta egon beharko da zerbitzu horren oinarrizko eraentza juridikoa, bai administrazio eskumenak eratxikitzeko, bai administratuentzako prestazioak norainokoak izango diren zehazteko eta bai jarduera hori Estatuak bereganatu egiten duela beren beregi adierazteko ere». Jarduera baten egikaritza Administrazioari eratxikitzea dakarren neurrian, publicatioak lege lerruna duen araua beharko du, Konstituzioaren 128.2. artikuluaren arabera: «oinarrizko baliabide edota zerbitzuak, batez ere monopolioak direnean, legea erabilita utzi ahal izango zaizkio Estatuari». Horrela, publicatioa zerbitzu jakin batzuetarako ezarrita dago, zerbitzu horien legeek ezarrita hain zuzen. Horixe gertatzen da zenbait gizarte zerbitzurekin (irakaskuntza, osasuna eta Gizarte Segurantza), garraioekin (lurgainekoak, trenbideak, airezkoak, lurpekoak, itsasokoak eta kablezkoak), komunikabideekin (telefonoak, telegrafoak, posta, irrati hedapena eta telebista) edo hornidurekin (ura, gasa, elektrizitatea). Toki Administrazioan, berriz, Toki Eraentzaren Oinarriei buruzko Legearen 86. artikuluak toki erakundeen herri ekimen ekonomikoa arautzen du, eta bertan udalerrientzat utzi dira zerbitzu batzuk (urak, zaborrak, garraioak, hiltegiak, merkatuak, gasa, heriotza zerbitzuak). Hala ere, publicatioak bi era onartzen ditu, monopolioaren bidez ala monopoliorik gabe egitearen arabera. Arau orokorrak dioenez, zerbitzuen kudeaketa kontratuak ez dakar monopoliorik, eta horrenbestez, egon daitezke norbanakoen aldi bereko jarduerak ere. Bestela, beharrezkoa izango da legeren batek beren beregi eskuestea zerbitzua monopolio modura eman ahal izateko. Horixe adierazi zuen Estatuaren Kontratuei buruzko Legeak (64. art.), ez ordea, Herri Administrazioen Kontratuei buruzko gaur egungo Legeak. Publicatioaren betekizuna gauzatutakoan, gainerako administrazio kontratuei buruzko arauek arautzen dute herri zerbitzuen kudeaketa kontratuaren inguruko espedientearen tramitazio eta ebazpena. Ustiatze klausulen pleguak ondoko puntuak jaso beharko ditu: 1. Kontratuaren objektua den zerbitzua eta beraren ezaugarriak; 2. Zerbitzua behar bezala ustiatzeko enpresariak egin behar dituen obra eta instalazioak; gainera,