376
RAMON PARADA
Frantzia eta Italiako terminologia erabilita, hurrenez hurren). Kontratu mistoetan, emakidadunak herrilana egin beharko du zerbitzua kudeatzen hasi baino lehen, ze obra hori zerbitzuaren oinarri edo azpiegitura izango da; obraren kostua berreskuratzeko, emakidadunak prezio edo tasa bat jasoko du erabiltzaileengandik (obra kontratuetan ere horixe ikasi genuen). Bereizketa hori Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko Araudiaren 114. artikuluan jasotzen da. Hortaz, herri zerbitzuen kudeaketa kontratuak izateko, beharrezkoa da zerbitzuok aginte eginkizunak zein eginkizun subiranoak egikaritzerik ez ekartea. Hala ere, arau hori ez da beti bete kontratazio pribatura jo izan denean tributuak bildu edota herri errepideetatik ibilgailuak kentzeko. Zeharkako kudeaketaren beste betekizun bat zerbitzuek ezinbestez eduki ekonomikoa izatea da, norbanakoek ustiatu ahal izateko (Toki Eraentzaren Oinarriei buruzko Legearen 85 eta Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen 156. art.ak). Halaber, zerbitzua herrirako dela eta, Administrazioak obra edo hornidura kontratuetan baino kontrol askoz ere estuagoa egin beharko du herri zerbitzuen kontratuetan. Horretarako, Administrazioak zerbitzua ondo dabilela bermatzeko behar dituen polizi ahalmen guztiak izango ditu (156.2. art.).
19. EMAKIDAREN IRAUPENA Herri zerbitzuen kudeaketa kontratuak ezin dira betiko egin eta, beraz, gehieneko epea ezartzen zaio euren iraupenari: lehen, laurogeita hemeretzi urte, eta orain, ordea, hirurogeita hamabost (156. art.). Arau hori zerbitzuen kudeaketa kontratuaren berezko osagaitzat hartu zen eta, horrela, betiko kezka saihestu nahi izan zen: ehun urtean edukiz gero, jabariaren eta funtzio publikoaren jabetza eskuratu ahal izatea, sekuladaniko preskripzio edo preskripzio inmemorialaren bidez. Baina kezka hori ez da zentzuzkoa, ze kontratu horretan Administrazioak edonoiz suntsiaraz dezake kontratua, ludiketa erabilita. Edozein modutan ere, oraindik ere indarrean dago laurogeita hemeretzi urteko gehieneko muga ezartzen duen aldizkotasunaren araua — sekuladaniko preskripziorako beharrezkoak diren ehun urteak baino bat gutxiago, Kristoren adinaren modulua erabilita zenbaturiko hiru belaunaldiren bizia gutxi gorabehera—, hirurogeita hamabost urtera laburtu bada ere: «herri zerbitzuen kudeaketa kontratuak —badio orain Kontratuei buruzko Legearen 44.2. artikuluak—ezin izango du izaera iraunkor edota zehaztugaberik izan, eta beharrezkoa izango da beraren iraupena nahiz egin ahal zaizkion luzapenak finkatzea; gainera, guztizko epea, luzapenak ere barne, ezin izango da laurogeita hemeretzi urtekoa baino luzeagoa izan».