ADMINISTRAZIO KONTRATU TIPIKOAK
373
emateko; ebazpen hori, bestalde, interesatua entzunda emango da, espediente egokia tramitatu eta gero (218. art.). Horrez gain, obraren betearazpen nahiz ustiaketak eragindako kalteak ere ordaindu beharko dizkie kontratariak Administrazio zein gainontzekoei, baldin eta kalte horiek hauen ondoriozkoak badira: kontratariari egotzi ahal zaizkion akats, askiez tekniko, idazkera oker, ezegite eta lege nahiz araudien urratzeen ondoriozkoak. Kasu horretan, kontratariaren erantzukinak eratorritako kalteordaina kaltegaleren zenbatekoaren 100eko 50 izango da —proiekuan itunduriko prezioa boskoiztu arteko mugarekin beti ere—. Ordainketa horiek, berriz, hamar urteren barruan egin beharko dira, Administrazioak proeiktua jaso duen egunetik zenbatzen hasita. Hortik gorako kalteordaina, berriz, Administrazioak ordainduko dizkie gainontzekoei (219. art.).
18. HERRI ZERBITZUEN KUDEAKETA KONTRATUA. MOTAK ETA OINARRIZKO BETEKIZUNAK Herri zerbitzuen kudeaketa kontratuaren bidez, Administrazioak pertsona bati —fisikoa nahiz juridikoa— ematen dio herri zerbitzu jakinen bat kudeatzeko ardura. Orain arte ikusitako kontratuetan, ekoizkinak sartzen ziren Administrazioan (ondasun higiezinak, higikorrak nahiz zerbitzuak), eta bertatik dirua ateratzen zen. Orain aztertuko ditugun kontratuetan, berriz, kontratariaren jarduerak sorturiko prestazioak administratuentzat dira, eta Administrazioak ez ditu zerbitzuok ordainduko. Bestalde, teknika hau erakargarri bihurtu da, eta hauxe da erakargarritasun horren arrazoia: zerbitzuen kostua aurrekontuek ez dute jasaten, eta zerbitzua kudeatzearen ondoriozko erantzukizuna enpresari pribatu batek du. Gainera, teknika horri esker XIX. mendean errespetatu egin zen herri akzioa ekimen pribatuaren sorospidezkoa dela zioen printzipio liberala. Herri zerbitzuen kudeaketa kontratuak betiko zerbitzuaren emakidaz gain —emakida enpresariaren arrisku eta menturara egiten da—, orain erakunde berriagoak ere hartzen ditu bere barru: interesdun kudeaketa, ituna, errentamendua eta ekonomia mistodun sozietatea sortzea zerbitzua kudeatzeko. Erakunde horiek Toki Korporazioen Zerbitzuei buruzko 1955eko Araudiak arautu ditu, herri zerbitzuak zeharka kudeatzeko modutzat arautu ere; araudi horrek, berriz, Frantziako Zuzenbidetik hartu zituen eginkizunok. Izan ere, Frantziako Zuzenbidean herri zerbitzuen emakidak bilakaera garrantzitsua izan du. Betiko definizioaren arabera, emakida nolabaiteko akordioa zen eta, akordio horren bidez, herri taldeak norbanakoari eman zion herri zerbitzua beraren pentzutan kudeatzeko ardura. Gero, apurkaapurka, ulerkera hori