Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 360

360

RAMON PARADA

11. HORNIDURA KONTRATUAREN ONDOREAK Hornidura kontratuaren oinarrizko edukia hauxe izango da: kontratariak gauza emateko betebeharra eta, aldi berean, ezarritako prezioa jasotzeko eskubidea izatea; kontratariari prezio hori ematea izango da, hain zuzen, Administrazioaren betebehar nagusia. Betebehar horiexen inguruan deskribatu beharko dira, beraz, kontratuaren ondoreak. Hasteko, gauza emateak zenbait arazo azaltzen ditu: emate hori egiteko leku eta denbora, gauza hori eman orduko galtzearen arriskua eta, azkenik, galtze hori nori egotzi behar zaion. Hortaz, enpresariak «kontratuan finkatutako denbora nahiz lekuan eta kontratu horretan agertzen diren preskripzio tekniko zein administrazio klausulen arabera» eman beharko ditu hornitzen diren gauzak. Administrazioak berandutza korritua eskatu ahal izango du —enpresariari agindeirik egin gabe— gauzak emateko finkatu den epea bete ezean (186.1. art.). Ematea burututzat joko da «Administrazioak kontratuaren baldintzen arabera jasotzen duenean gauza», baina horretarako, beharrezkoa izango da beti —hau da, itundutakoaren zati bat nahiz zati osoa ematen bada ere— Administrazioak egintza formal eta positiboa egitea. Gainera, gauza itundutako lekura eramatean, zenbait garraio eta emate gastu sortzen dira, eta horiek guztiak enpresariak ordaindu beharko ditu. Ondasunak jasotzeko moduan ez badira, aldiz, horixe agertaraziko da emate egintzan eta agindu zehatzak emango zaizkio enpresariari ikusitako akatsak konpondu edota hornidura berria egiteko, itundutakoaren arabera (Estatuaren Kontratazioari buruzko Araudiaren 262 eta 263. art.ak). Gauza galtzeko arriskua (periculum rei), bestalde, enpresariaren pentzutan izan beharko da eta, ondorioz, kontratazio pribatuan bezala, Administrazioak ez dio kalteordainik ordaindu beharko gauza eman aurretik galdu, matxuratu edo kaltetuz gero. Hala ere, arau horrek badu salbuespena: gauza jasotzean berandutzen denean Administrazioa (mora accipiendi), edota pleguko baldintzen arabera, ematearen ostean egin behar denean ondasunen jasoketa formala; azken kasu horretan, Administrazioak izango du ondasunak zaintzeko ardura, ondasun horiek ematen direnetik jasotzen diren arte (186.2. art.). Zenbait hornidura kontratutan ere, kontratariaren pentzutan izango da arriskua baldin eta Administrazioak ematen baditu behar diren material guztiak, edota baten batzuk behintzat; halakoetan, materialok «adjudiziodunaren zaintzapean daudela joko da eta oinarrien pleguan ezarritako berme bereziak eman beharko ditu adjudikaziodun horrek» (Araudiaren 261 eta 263. art.ak). Obra kontratuan gertatzen denaren alderantziz, irtenbide horren arabera, kontratariak ez du kalteordainik jasoko ezinbestearen ondorioz zenbait ondasun galtzen edo narriatzen direnean; eta, izatez ere, zentzuduna da, RIVERO ISERNek ohartarazten duenez, benetako hornidura eta ondasun higikorren


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.