352
RAMON PARADA
Kontratua suntsiarazten bada, proiektuaren arabera egindako obrak egiaztatu, neurtu eta likidatu egingo dira; horrez gain, kontratariaren aldeko nahiz kontrako saldo egokiak finkatuko dira, bera zitatu ondoren. Zuinketa egiaztatzean gertatu den berandutzaren ondoriozkoa denean suntsiarazpena, adjudikazio prezioaren 100eko 2 bakarrik jasotzeko eskubidea izango du kontratariak; Administrazioak obren hasiera sei hilabete baino gehiago etetearen ondoriozkoa denean, ordea, kalteordaina 100eko 30ekoa izango da; eta, azkenik, urtebete baino gehiago geroratzen direnean obrak, edota Administrazioak behin betiko eteten dituenean, egin gabe geratu diren obren prezioaren 100eko 6 jasoko du kontratariak industri mozkin gisa (152. art.). Kontratua bien adostasunez azkentzen denean, Administrazioak eta kontratariak horretarako baliozkotasunez hizpatu dutenari jarraituko zaio gehienbat. Administrazioak ondoko kasuan bakarrik eman beharko du adostasuna kontratua suntsiarazteko: kontratariak berak berea beteta ere, kontratua irautea alferreko edota ezegoki denean, herri intereseko edota salbuespene ko inguruabar batzuk direla eta. Lege Aholkularitzak eta Estatuko Kontuhartzailetzak txostena egin beharko dute suntsiarazpen erabakiari buruz (Estatuaren Kontratazioari buruzko Araudi Orokorraren 166. art.).
7. OBREN JASOKETA, LIKIDAZIOA, ORDAINKETA ETA BERMEA Obra kontratuari buru emateko modu arruntena, dena dela, obra betearaztea da; eta hori obren behinbehineko eta behinbetiko jasoketaren bidez egiaztatu zen lehengo legerian. Indarreko Legean, berriz, ez da horrelakorik jaso. Lege horrek zatikako jasoketa —faseka betearaz daitezkeen obrentzat, baldin eta herri erabilerako izan ahal badira— eta osoko jasoketa bakarrik bereizi ditu. Bestalde, jasoketara joango dira kontratua egiten duen Administrazioak izendaturiko aditua —Administrazioaren ordezkari gisa—, obrak zuzentzeko ardura duen aditua eta kontrataria —nahi izanez gero, aditu batek lagunduta—. Obrak egoera onean badaude, eta ezarritako aginduen arabera koak badira, Administrazio kontratugileak izendaturiko funtzionario teknikoak jasotakotzat joko ditu eta, akta egokia egin ondoren, berme epea hasiko da. Aitzitik, obrak jasotzeko moduan ez daudenean, horixe agertaraziko da aktan eta obren zuzendariak jarraibide egoki eta zehatzak emango dizkio kontratariari ikusitako akatsak konpontzeko. Horretarako, epea ezarriko da eta, epe hori bukatutakoan, kontratariak agindutakoa bete ez badu, Administrazioak aukera izango du kontratua suntsiarazteko edota kontratariari epe berria emateko, eta epe hori luzaezina izango da.