Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 348

348

RAMON PARADA

Obren atzeratzearen beste ondorio bat kontratariari diru zigorrak ezartzea izango da; zigor horiek ziurtagirien ordainketatik edota fidantzatik deskontatu beharreko isunak izango dira; hala eta guztiz ere, Administrazioak eskubidea izango du zenbait kalteordain jasotzeko atzeratzearen ondorioz kontratariari egotzi ahal zaizkion kalte­galerengatik. Zigorrak orokorrean mailakatzeko, berriz, aurreko kapituluan aztertutako irizpideak erabiliko dira. Dena dela, berandutza zigorrak ezin izango dira obraren guztizko aurrekontuaren 100eko 20 baino gehiagokoak izan; beraz, gehieneko muga horretara iritsitakoan, suntsiarazi egingo da kontratua. Zatikako epeak ez betetzearen ondoriozko zigorrak ezin izango dira bata bestearekin pilatu, ezta guztizko epea ez betetzearen ondoriozkoekin ere. Ondorioz, zatikako eperen bat edota guztizko epea ez betetzeagatik jarritako zigorrak aurreko guztiak hartuko ditu barne — ez dira pilatuko—, likidaturik gelditu arte; eta, aurreko zigorren zenbatekoa azkenengo epea ez betetzeagatik jarritakoa baino handiagoa bada, itzuli egingo zaio diferentzia kontratariari (Herri Administrazioaren Kontratuei buruzko Legearen 96. art., eta Estatuaren Kontratazioari buruzko Araudi Orokorraren 138 eta 139. art.ak). g) Obra jaso denetik zenbatzen hasita, hamabost urtetan zehar erantzule izatea da kontratariaren azken betebeharra; erantzukizun hori sortuko da eraikuntzaren ezkutuko akatsen ondorioz obra hondatu egin bada berme epea amaitu ondoren, eta kontratariak kontratua ez betetzeak eragin baditu akats horiek (149. art.).

C) Kontratariaren eskubidea. Prezioaren ordainketa. Obra ziurtagiriak eta berandutza korrituak Administrazio klausula berezien pleguak besterik agintzen ez badu, Administrazioak zenbait ziurtagiri luzatuko ditu hilero kontrataren prezioa ordaintzeko, hain zuzen ere, epe horretan betearazitako obrari dagozkionak. Edozein kasutan ere, luzaturiko ziurtagirien ondoriozko ordainketa horiek konturako ordainketa gisa egingo dira eta azken neurketan egiten diren zuzenketa nahiz aldaketen menpe egongo dira; beraz, ez dute inola ere obren onespenik edota jasoketarik ekarriko. Halaber, kontratariak kontratuaren zenbatekoaren kontura egindako ordainketak jasotzeko eskubidea izango du egin dituen prestatze jarduerengatik —esaterako, instalazioak, edota materialen zein obrari atxikiriko makineria astuneko ekipoen pilaera—. Ordainketa horiek jasotzeko, berriz, pleguetan ezarritako baldintzak hartuko dira kontutan, baita araudietan ezarritako mugak ere. Edozein kasutan ere, ordainketa horiek segurtatu egin beharko dira berme egokia emanda.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.