Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 326

326

RAMON PARADA

Berandutzaren ondoriozko zigorrak kontratuaren zenbatekoaren 100ko 20ra iritsiz gero, kontratazio organoak aukera izango du kontratua suntsiarazteko edo, zigor berriak ezarrita, haren betearazpenak aurrera egin dezan agintzeko. Bestalde, kontratariak zatikako epeak betetzen ez baditu, Administrazioak ahalmen berdina izango du, baldin eta klausula berezien pleguan ezarrita badago, edota epe horiek betetzean gertaturiko berandutzak epe osoa ez dela beteko uste izatea badakar (96. art.). Beraz, ikusten den bezala, arauketa hori kontratariaren aurkako arauketa gogor eta eraginkorra da eta, gainera, ez da batere argia. Izan ere, ez du zehazten besterik itundu ezean zigorrak kalte­galeren ordainketa ordezten duen ala ez. Arazo hori ezezik, ondokoa ere ez du konpontzen: ea Administrazioak agindu ahal duen betebeharra eta zigorra biak batera gauzatzea, pilatze hori berariaz ez denean itundu. Kode Zibilak, ordea, arautzen du arazo hori hartzekodunari dagokionez (1152 eta 1153. art.ak), eta arauketa horrexetara jo beharko da, Zuzenbide pribatua Zuzenbide ordeztailetzat aplikatzen delako administrazio kontratazioan.

6. ADMINISTRAZIO KONTRATUAK BETE ETA SUNTSIARAZTEA Administrazioaren eta kontratariaren arteko desberdintasun egoerak eta forma nahiz eduki gehiegikeriek, bestalde, kontratuen azkentzea ere ukitzen dute. Legeak azkentze horri buruzko arauketa berezia du eta, bertan, betetze zein suntsiarazpenaren bidezko azkentzeak bereizten ditu. Kontratua betetzeari dagokionez, kontratariak kontratuaren objektu osoa gauzatzen duenean beteko da kontratua, kontratuan ezarritakoaren arabera eta Administrazioaren gustora gauzatu ere. Beraz, ez da onartuko kontratuaren zati bat bakarrik betetzea. Hala ere, zatikako betetzea gertatu bada, horrek ondorioak izango ditu baliokidetasunaren bidezko betetzea ezartzean, hots, kontratua bete ez duen kontratariak ordaindu beharreko kalte­galerak zehaztean. Bestalde, Legeak formalizatu egin nahi du kontratuaren betetzea. Horrela, kontratuak ez du ondorerik izango —eta, beraz, fidantza atxiki egin ahal izango da— harik eta Administrazioak berak egiaztatu arte kontratuaren objektua eman edo gauzatu egin dela (111. art.); egiaztapen hori objektua eman edo gauzatu denetik hilabetera egin beharko da, jasoketa edo adostasuna adierazten duen egintza formalaren bidez. Hala ere, behin kontratariak prestazioa gauzatu eta gero, Administrazioak ezin izango du forma betekizun hori erabili prezioaren ordainketa nahiz fidantzaren itzulketa behar ez bezala edo luzaroan atzeratzeko. Hala gertatzen bada, kontratuaren epaileak zuzendu ahal izango du hori, Administrazioa kondenatuz sortutako kalteak ordaintzera. Bestalde, administrazio kontratuetan berme epea ezarri beharko da, jasoketa edo adostasun egunetik zenbatzen hasiko den epea, hain zuzen. Epe hori


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.