ADMINISTRAZIO KONTRATUAK
319
5. ADMINISTRAZIOAK DITUEN ONURABIDEAK ADMINISTRAZIO KONTRATUA BETEARAZTEAN Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioak duen izaera berrikuslearen ondorioz, Administrazioari aintzatetsitako ahalmen eta pribilegioak edukizko ahalmentzat jaso dira, orain, Administrazioaren kontratazioa arautu duen legerian; horrenbestez, dagoeneko ez du zentzu handirik administrazio kontratuak eta kontratu zibilak desberdinak diren ala ez eztabaidatzen ibiltzea. Legegileak berak ezarri du berezitasun hori, eta bertatik erakunde eraldatua sortu bada ere —alderdien arteko desberdintasun handiak eraginda—, begien bistan dago administrazio «kontretu» horren eta kontratu zibilen arteko desberdintasuna, eta hori Estatuaren Kontratuei buruzko Legearen arauketan ere argi ikusten da; izan ere, lege horrek ahalmen izugarriak eskaintzen dizkio Administrazioari kontratariari dagokionez: «Lege honetan ezarritako muga, betekizun eta ondoreak kontutan izanda, kontratazio organoak onurabidea du administrazio kontratuak interpretatu eta betetzean egon daitezkeen zalantzak ebatzi, herri interesean oinarrituta kontratuok aldatu, suntsiarazpena erabaki eta suntsiarazpen horren ondoreak zehazteko. Erabaki horiek agortu egingo dute administrazio bidea, eta berehala betearazi ahal izango dira. Espedientean, berriz, kontrataria entzun egin beharko da» (60. art.). Bestalde, jurisprudentziak erarik zabalenean interpretatu du Administrazioak bere aldetik erabakitzeko duen pribilegio hori. Horrela, 1980ko otsailaren 11ko epaiaren arabera, «herri kontratazioan, Administrazioak tresna zehatza dauka bere eskubideak egikaritzeko. Tresna horrek gainditu egiten ditu norbanakoen ahalmenak, eta bete beharreko erabakiaren pribilegio izenez ezagutzen da. Beraren bitartez, kontratu harremanek aurkezten dituzten alde guztiak ebatzi ahal izango ditu Administrazioak: kontratuaren burutzetik hasita, beraren balioa zein interpretazioa, kontratariak bete behar dituen prestazioak nola, noiz eta zelan bete zehaztea, baita ez betetze egoerak kalifikatzea, zehapenak ezartzea, kontratua luzatzea, kontratariaren erantzukizuna nahiz bermea eta kontratuaren likidazioa ere; eta Administrazioak bere eskubideak betearazi ahal izateko bermearen barruan sartuko da, zalantzarik gabe, jarritako bermea zabaltzeko eskubidea, berme hori nahikoa ez denean kontrataria segurtatzeko». Espainiako legegileak ere oso urrun eraman du Administrazioak kontratuan dituen onurabideen kontua, eta ondorioz, kontratariaren eskubideek berme gutxiago izango dute Administrazioaren alde bakarreko egintza ba ten bidez aintzatesten direnean baino. Izan ere, Espainiako Zuzenbidean —Frantziako sisteman ez bezala, ze bertan Administrazioak ezin du kontratua suntsiarazi, eta administrazio jurisdikziora jo beharra egoten da horretarako (ondorioz, ezin dio aurretiazko pribilegioa erabilita suntsiarazpenik ezarri