Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 314

314

RAMON PARADA

HORRELAKO KONTRATUETATIK ALDENTZEN DEN ERAENTZA SUSTANTIBORA Administrazioaren kontratuei buruzko legeriaren jatorri eta bilakaeraz azaldutakotik ondorio hauxe atera dezakegu: administrazio kontratuen kategoria, eta euron eta kontratu zibilen arteko bereizketa foroaren irizpidean oinarritu zela hasieran, eta horren helburu bakarra administrazio jurisdikzioaren eta jurisdikzio zibilaren eskumenak zehaztea izan zela. Sortu zirenean, administrazio kontratuak Administrazioak egindako kontratu zibilak baino ez ziren, eta Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioaren eskumenekoak ziren. Kontratu horien berezko eraentza berezia —kontratu pribatuen eraentzatik lokabea—, askoz geroago ezarri zen, legegintza zein jurisdikzio bideak erabilita. Herri lan eta zerbitzu kontratuen kontzeptu zibila oraindik ere jasota dago Administrazioarekiko Auzibide Jurisdikzioari buruzko 1888ko Legean; lege horrek auzitegi arrunten menpe jarri zituen arazo zibilak, eta ondokoak, berriz, Administrazioarekiko auzibide jurisdikzioarentzat salbutu zituen («nahiz eta» izaera zibila izan): «Herri Administrazioak egindako kontratuak bete, ulertu, suntsiarazi eta ondoreak izateari buruzko arazoak, kontratu horien izate juridikoa edozein dela ere, baldin eta era guztietako herri lan eta zerbitzuak badituzte helburu» [3.a) art.]. Frantziako Zuzenbidean aldaketa bat gertatu zen mende hasieratik bertatik: hemeretzigarren mendeko tradizioak administrazio kontratua administrazio jurisdikziopean zegoen kontratu zibil hustzat ikusten bazuen ere, gero administrazio kontratu eta kontratu zibilaren arteko desberdintasun nagusiak bereizten hasi ziren (GEZÉ, PEQUIGNOT, LAUBADERE). Kontratu pribatuen eraentza orokorra Kode Zibilean eta Merkataritzako Kodean ezarrita dago; baina orain administrazio kontratuak ez dira izango kontratu zibilen berezitasun hutsak: administrazio jurisdikzioak «manu militare» egindako Zuzenbide publikoko eraentza orokorrera loturiko kontratuak izango dira. Eraentza hori alderdien desberdintasunean oinarriturik sortu da, eta herri zerbitzuak adierazitako interes orokorrari kontratariaren interesaren gainetik ematen zaion lehentasuna du ezaugarri nagusitzat; horrexek bereizten ditu eraentza hori eta kontratugileen arteko berdintasunean oinarritzen den kontratazio pribatuaren eraentza. BENOITek dioenez, «ez da ageriko eta onarturiko desberdintasuna, beharrezkotzat jotzen den desberdintasuna baino». Hala ere, diru konpentsazio eta eskubide batzuk ematen zaizkio kontratariari —batzuetan, kontratu zibil batean izango lituzkeenak baino ere hobeak—, Administrazioaren ahalgoak eta kontratariaren betebeharrak markatzen dituen desberdintasun hori orekatzeko. Horrela, kontratariak Administrazioaren beharrizan, eginkizun eta zerbitzuetan laguntzea lortu nahi da, eta ez interesen aurkakotasuna, kontratazio pribatuan gertatzen den bezala.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1) by elkarmedia - Issuu