312
RAMON PARADA
XIX. mendean, herri lan edota zerbitzuetarako ez ziren kontratuak auzitegi zibilei eratxiki zitzaizkien bigarren mailan eta, lehenago ere esan denez, hortixe sortu zen Administrazioaren kontratu pribatuen kategoria. Kontratu horiek Administrazioaren ondare pribatua kudeatzeko erabili ziren, eta ez zuten lotura zuzen eta berehalakorik herri zerbitzuarekin; gainera, kontratu horiei buruz deuseztatze eta hutsaltze akzioak jarri eta ebazten zirenean, jabetzari buruzko arazoak ukitzen ziren —zuzenean nahiz zeharka—, eta hori jurisdikzio zibilaren eskumen nagusia da. Hala ere, arau hori ez zen beti betetzen izan, ze ondare pribatuaren kudeaketa huts ziren kontratu batzuk administrazio jurisdikzioaren eskumenean sartu ziren berariaz (adibidez, nazioko ondasunen salmentak edo basoaprobetxamenduei buruzko kontratuak), interes orokorrekoak ziren eta. Bestalde, gaur egun Legeak ezartzen duenaren arabera hauexek izango dira kontratu pribatuak: batetik, administrazio kontratuak ez direnak, hots, «Administrazioak egiten dituen gainerako kontratu guztiak»; bestetik, bereziki zerrendatzen dituenak, hau da, «salerosketa, dohaintza, trukaketa eta errentamendu kontratuak, baita ondasun higiezin, gorpuzkabeko jabetza zein balore negoziakorrei buruzkoak diren antzeko negozio juridikoak» (5.3. art.). Administrazioak egindako kontratu pribatuen eraentza juridikoari dagokionez, badago eraentza berezi bat ondoko kontratuentzat bakarrik: salerosketa, dohaintza, trukaketa eta errentamendu kontratuentzat, baita ondasun higiezin, gorpuzkabeko jabetza zein balore negoziakorrei buruzkoak diren antzeko negozio juridikoentzat. Eraentza orokorraren menpeko kontratuak, berriz, —halakorik geratzen bada ondare kontratuak kendu eta gero— Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legeak eta beraren garapen xedapenek arautzen dituzte prestatze eta adjudikazioari dagokionez, baldin eta ez badago administrazio arau berezirik. Kontratu horien ondore eta azkentzeari dagokionez, ordea, Zuzenbide pribatuko arauek eraenduko dute arlo hori. Ondare kontratuak —gehienak, beraz— herri administrazioen ondare legeriak eraenduko ditu, eta legeria hori beti aplikatuko da. Lehenago ere esan dugunez, hainbat kontraturen kasuan «ihes» egiten da kontratu legeriatik ondare legeetara jotzeko, hain zuzen ere, herri ondasunak gainontzekoentzat erabiltzen diren kontratuetan. Ihes egite hori Espainiako Zuzenbide publikoa indargabetzearen adibide garbia da; izan ere, Zuzenbide horrek beti ezarri du lege bat behar dela besterenganatu nahi diren ondareak besterenganaezinak direla adierazteko, eta enkante publikoa egin behar dela ondasunok saltzeko; orain, berriz, arau bi horien ordez zuzeneko kontratazioa onartzen da salmenta hori egiteko. Edozein kasutan ere, Administrazioaren kontratu pribatu guztiek dute eraentza juridiko bikoitza: batetik, administrazio arauak eskumen, prestatze eta