ADMINISTRAZIO KONTRATUAK
301
A) Administrazio kontratuaren jatorria Frantzian Frantziako Zuzenbidean, kategoria berezi batera biltzen ziren Administrazioak egindako kontratu garrantzitsu eta ugarienak —obra, hornidura eta zerbitzuen emakidari buruzkoak—: administrazio kontratuetara. Horiek eragiten zituzten auziak administrazio jurisdikziopean (Estatu Kontseilua eta Prefektura Kontseiluak, orain administrazio auzitegiak direnak) jartzearen ondorioz, kontratuok kategoria juridiko bakarrean bateratu ziren. Eta ez hori bakarrik, Administrazioaren kontratuak auzitegi zibilen eskumenekoak ez izateko sortu zen, batez ere, administrazio jurisdikzioa; bide batez, zigor epaileek Administrazioaren eskuespenik gabe funtzionariorik auziperatu ezin izatea lortu nahi izan zen. Hala ere, esan behar da Frantzian Antzinako Erregimenaz geroztik egiten zela ihes epaile zibilaren eremutik, kontratuen epaile naturalaren eremutik alegia; eta horretarako, jurisdikzio zibila baztertzeko (orduko Epai Parlamentu boteretsuak), beren beregiko klausulak erabiltzen ziren, baita Intendenteen jurisdikzioaren menpe jarri eta gorajotzea Errege Kontseiluan burutzeko klausulak ere: «Gorentasun horrek Intendenteari eramateko agintzen du, kontratu hori betearaztean sortutako erantzun, inguruabar eta ondore guztiak, berak konpon ditzan; hala ere, Kontseiluari egin beharko zaio gorajotzea. Gure auzitegiek debekatuta izango dute gai horiek aztertzea». Frantziako Iraultzarekin botere banaketaren printzipioan oinarritzen zen kontratuei buruzko auzibidea auzitegi zibilen eskumenetik kanpo uztea, eta printzipio hori «Administrazioaren egintza guztiak, edonolakoak izanik ere», auzitegien eskumenekoak izateko debeku gisa ikusten zen (III. urteko Fructidoraren 16ko Legea); V. urteko Germinalaren 2ko Zuzendaritzako Autoak zehaztu egin zuen debeku hori, baita ezarri ere, administrazio egintzaren kontzeptuan sartzen zirela Gobernuak aginduta eginiko jarduketak, baita zuzeneko agenteen bidez zein Herri Altxorreko dirua erabilita egindakoak ere. Napoleonen garaian, administrazio jurisdikzioa sortzearekin batera kendu zitzaien kontratuei buruzko eskumena auzitegi zibilei; jurisdikzio horrek herri lanei eta nazioko ondasunen salmentari buruzko kontratuak aztertzen zituen, ze izatez, Prefektura Kontseiluen auzibidezko eskumenik garrantzitsuena zen, zalantzarik gabe (VIII. urteko Pluviosoaren 28ko Legea). 1808ko ekainaren 11ko Dekretuaren 13. artikulua gogorragoa da, eta iaia ukatu egiten die Administrazioaren kontratu auzibidea aztertzeko aukera auzitegi zibilei; izan ere, Estatu Kontseiluari ematen dio, formularik zabalena erabilita: «toutes les contestations ou demandes relatives, soit aux marchés passés avec nos ministres, avec l’intendent de notre maison, ou a leur nom, soit aux travaux ou fournitures faites pour le service de leurs departaments respectifs».