ADMINISTRAZIOA ETA KONTRATUAK. OINARRIZKO ERAENTZA
293
irizpideak erabilita bidezkotu beharko dituzte proposamena eta adjudikazioa. Nolanahi ere, legeak ez duenez zehazten adjudikazio irizpiderik, administrazio jarduera osoa lotzen duten konstituzio printzipioak aplikatuko dira (herri interesa, berdintasun printzipioa, eragingarritasuna etab.); horrek, berriz, enkante edota lehiaketako adjudikazio irizpideak aplikatzea ekarriko du, baina inoiz ez erabateko askatasuna adjudikazioak egiteko.
14. KONTRATUARI BURU EMAN ETA BERA FORMALIZATZEA Administrazio kontratuak norbanakoek egiten dituzten kontratu zibilak bezala burutzen dira, hau da, objektuari buruz alderdi bien borondateen arteko adostasuna dagoenean (KZren 1254. art.); adostasun hori «organo eskudunak adjudikazioa egiten duenean» gertatzen da «horretarako erabili den prozedura zein adjudikazio modua edozein izanda ere» (54. art.). Hortik aurrera, kontratuan ezarritako eskubide eta betebeharrak eskatu ahal izango dira, nahiz eta gero ez egin jakinarazpenik ez kontratuaren formalizaziorik —gogora dezagun horiek ez direla oinarrizko betekizunak kontratuari buru emateko edota kontratuen baliozkotasunerako; aitzitik, egiaztapen zein froga bide hutsak dira, Zuzenbide zibilean gertatzen den bezala—. Beraz, kontratua jasotzen duen agiria eman egin behar da, eta eskatu ere eskatu ahal da ematea, baina hori ad probationem betekizuna da, eta ez ad solemnitatem ezarritakoa (KZren 1279 eta 1280. art.ak). Formalizazioari dagokionez, funtzionario batek idatzitako agiri batean formalizatu beharko da kontratua, onartu zenetik hogeita hamar egunetan. Agiri hori baliozko titulua izango da edozein erregistro publikotan sartu ahal izateko. Era berean, kontratariak hala eskatzen badu, eskritura publiko edo notario eskrituran egin ahal izango da formalizazio hori, baina orduan, berak ordaindu beharko ditu egilespen horren gastuak (54. art.). Hala ere, bai administrazio eta bai notarioagiriak Estatuaren Kontratuei buruzko Legean ezarritako datu hauek jaso beharko dituzte: parte hartzen duten agintari eta enpresarien izenak, kontratuaren administrazio aurrekariak, obraren zehaztapena, prezioa, epea, fidantza etab. Esan dugun bezala, kontratuari buru emateko eta beraren baliozkotasunerako baldintza ez bada ere, formalizazioa beharrezkoa da kontratua eragingarria izateko; izan ere, «ezin izango da kontratua betearazi harik eta formalizatuta egon arte». Hortaz, kontratua suntsiarazteko akzioa aintzatesten da, kontratua ez formalizatzearen errua duen kontratariaren aurka. Aintzatespen horrek, beraz, hauxe frogatzen du: kontratua burututa egotea, ezin delako suntsiarazi burutu gabeko negozio juridikorik. Horrelako kasuetan, interesatua entzun egin beharko da suntsiarazpena gauzatu baino lehen; kontratariak bere