290
RAMON PARADA
Baina noiz erabil daiteke prozedura negoziatua? Salbuespenezko kasuetan bakarrik, edota zenbateko oso txikiko kontratuetan. Kasu horiek kontratu tipiko bakoitzaren arauketan zehaztuko dira, baita aurretiazko publizitatea noiz den beharrezkoa ere; beraz, kontratu tipikoak bereziki aztertzen ditugunean jorratuko ditugu gai horiek. Hala ere, esan behar da prozedura negoziatu hori zenbateko txikiko kontratuetarako ezartzen denean (5.000.000 pezetatik beherako obra kontratuak, eta 2.000.000 pezetatik beherako hornidura, kontsulta nahiz laguntza eta ohikoak ez diren zerbitzu zein lan berezi eta zehatzei buruzko kontratuak), nahastu egiten dela kontratu txikietarako ezarrita dagoen prozedurarekin (57, 121, 177 eta 202. art.ak). Hortaz, halako kasuetan zein da aplikatu beharreko prozedura, negoziatua ala oraindik malguagoa den kontratu txikietarako prozedura? Egia esan, bi bideak onartzen dira, eta pentsa daiteke kontratazio organoek malguena erabiliko dutela, hau da, kontratu txikiei buruzkoa. Prozedura horretan, berriz, nahikoa da kontratua agirietan jartzearekin; horretarako, araudietan ezarritako baldintzak betetzen dituen fakturak balio du edota, obra kontratuaren kasuan, obren aurrekontuak. Dena dela, arau bereziek aginduz gero, proiektua ere aurkeztu egin beharko da (57, 121, 177 eta 202. art.ak).
13. ADJUDIKATZEKO MODU EDO IRIZPIDEAK. ENKANTEA ETA LEHIAKETA Adjudikazio prozedura ireki eta itxiak Europako Erkidegoen Zuzenbidearen ondorioz sartu dira Espainiako Zuzenbidean, eta baztertu egin dituzte betiko hautaketa prozedurak, hau da, enkantea eta lehiaketa. Orain, aldiz, bi horiek adjudikatzeko modu edo irizpideak baino ez dira, Europako Erkidegoen Zuzenbidean gertatzen den bezala (ekainaren 14ko 93/37/EEE Zuzentarauaren 30. art. —obra kontratuetan adjudikazio prozedurak koordinatzeari buruzko Zuzentaraua—; eta ekainaren 14ko 93/36/EEE Zuzentarauaren 26. art. — hornidura kontratuetan adjudikazio prozedurak koordinatzeari buruzkoa—). Enkantean, Kontratazio Mahaiak garaiz eta behar bezala aurkeztu diren agiriak kalifikatu egingo ditu lehenengo eta behin. Gero, jendaurrean irekiko ditu onartutako eskaintzak, eta kontratazio organoari proposatuko dio «preziorik baxuena eskaini duenari» adjudikatzea kontratua (83. art.). Adjudikazioa hogei egun baino lehenago egin beharko da, jasotako eskaintzak jendaurrean ireki zirenetik zenbatzen hasita. Adjudikazio erabakia epe horren barruan hartzen ez bada, enpresariak bere proposamena kentzeko eskubidea izango du, eta noski, emandako bermea itzuli edo kitatu egin beharko zaio (83. art.).