ADMINISTRAZIOA ETA KONTRATUAK. OINARRIZKO ERAENTZA
289
gonbidatu nahi dituen enpresen kopuruaren gorengo eta beherengo muga. Gonbidapen kopuru hori kontratuaren ezaugarrien araberakoa izango da, eta iragarpenean agertu beharko da. Izan ere, bost eta hogeiren artean egon beharko da kopuru hori (92. art.). Parte hartzeko eskaerekin batera honako agiriak aurkeztu beharko dira: batetik, enpresariaren nortasun juridikoa —eta, beharrezkoa balitz, beraren ordezkaritza— egiaztatzen duten agiriak eta, bestetik, enpresaren sailkapenari buruzko agiriak, edota enpresariak iragarpenean ezarritako ekonomi, finantza eta teknika nahiz lanbide kaudimena duela frogatzen dutenak. Hortaz, kontratazio organoak enpresariaren nortasuna eta kaudimena egiaztatu ondoren, aurkezturikoen arteko hautaketa egingo du, eta onarturikoei euren proposamena aurkezteko gonbidapena egingo die idatziz —gonbidapenean bertan ezarritako epearen barruan aurkezteko—. Gonbidapen horretan, proposamenak irekitzeko lekua, eguna eta ordua adieraziko zaizkie hautagaiei. Hautatuak izan diren enpresariek, bestalde, behinbehineko bermea jarrita dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko dute euren proposamenekin batera. Ondoren, Mahaiak bere adjudikazio proposamena egingo du eta, azkenik, kontratazio organoak ebatzi egingo du, prozedura irekian gertatzen den moduan (92. art.).
E) Prozedura negoziatua Aurreko legerian «zuzeneko kontratazioak» zuen lekua gaur egun prozedura negoziatuak hartu du. Hala ere, zuzeneko kontratazioan adjudikazioa egiteko askatasun askoz handiagoa zuen kontratazio organoak, prozedura negoziatuan kontutan hartu behar baitira kontratari izan nahi duten hainbat pertsona. Izatez, prozedura negoziatuaren izaera nahasia da. Batetik, prozedura murriztuaren ezaugarri batzuk ditu, parte hartzaileen kopurua mugatzen delako (bost eta hogeiren artean egon behar dira); bestetik, lehiaketaren ezaugarriak ere baditu, ze prozedura negoziatuan adjudikazioa egiteko irizpiderik ezartzen ez bada ere, kontratua beti adjudikatu beharko da herri interesari begira, eta horrek esan nahi du eskaintzarik onena izan behar dela beti kontutan; hortaz, eskaintzarik onena zein den ikusteko, preziorik txikiena ezezik beste inguruabar batzuk ere aintzat hartu beharko dira. Orduan, zer egin behar du Administrazioak prozedura negoziatuan? Ba, ahal izango balitz, kontratuaren xedea gauzatzeko gai diren hiru enpresa edo gehiagoren eskain tza eskatu. Gero, hautatutako enpresarekin prezioa finkatuko du, eta espedientean azaldu beharko du hori guztia. Adjudikazio proposamena, bestalde, mahaiek egin beharko dute, jaso diren eskaintzak aztertuz; kontratazio organoaren erabakia ez badator bat Mahaiak emandako proposamenarekin, erabaki horren zioak azaldu beharko ditu organo horrek (82 eta 83. art.ak).