288
RAMON PARADA
Aldizkari Ofizialean ere; argitaratze hori, bestalde, ahalik eta zabalen egin beharko da (94. art.). Adjudikazioaren zenbatekoa 5.000.000 pezetakoa edo hortik gorakoa bada, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da iragarpen baten bidez, edota autonomi erkidegoetako zein toki erakundeetako aldizkari ofizialetan. Horretarako, bestalde, berrogeita zortzi eguneko epea egongo da, kontratuaren adjudikazioa egin zenetik zenbatzen hasita. Horrez gain, Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratu beharrekoetan eta beste zenbait kontratutan — kontsulta eta laguntza kontratuetan, edota ohikoak ez diren zerbitzu zein lan zehatz eta bereziei buruzkoetan, baldin eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta 27.266.208 pezetakoak edo hortik goragoak badira, eta 207. artikuluan aipaturiko kategorietako 17tik 27rakoen artean badaude— iragarpena bidali beharko zaie aldizkari horiei epe horrexetan; iragarpenean, berriz, lizitazioaren emaitzaren berri eman beharko da. Hortaz, kasu horietan autonomi erkidegoetako edota toki erakundeetako aldizkari ofizialetan egindako argitalpenak ez du ordezten Estatuko Aldizkari Ofizialean egin beharrekoa. Bestalde, herri zerbitzuen kudeaketa kontratuei dagokienez, beharrezkoa izango da adjudikazioa argitaratzea Estatuko Aldizkari Ofizialean nahiz autonomi erkidegoetako edota toki erakundeetako aldizkarietan, baldin eta lehen ezarrerako gastuen aurrekontua 5.000.000 pezeta edo gehiagokoa bada, edota euren epea bost urtetik gorakoa bada. Ondorengo kasuetan, salbuespenez, adjudikazioaren emaitza ez argitaratzeko aukera egongo da: kontratuari buruzko informazioa zabaltzeak oztopoak sortzen baditu legeria aplikatzeko; informazio hori herri interesaren aurka badoa; enpresa publiko nahiz pribatuen legebidezko merkataritza interesei kalte egiten badie edota euren arteko elkarlehia oztopatzen badu; eta, azkenik 141.f), 160.2.c), 183.h) eta 211.g), artikuluetan jasotzen diren kasuetan. Dena dela, beharrezkoa izango da espedientean inguruabar horiek guztiak frogatzea (94. art.)
D) Prozedura murriztua Prozedura murriztuan ere, lehen aipatutako arau orokorrak aplikatuko dira. Hala ere, berezitasun batzuk izango ditu administrazio klausula berezien pleguei, iragarpenei, parte hartzeko irizpideei eta parte hartzaile kopuruei dagokienez. Hortaz, prozedura murriztua egin behar dela adierazten duen iragarpenaren aurretik, kontratazio organoak erabiliko dituen irizpide objektiboak —prozeduran parte hartzeko gonbidapenak egiteko erabiliko dituenak— prestatu eta bidezkotu beharko ditu Administrazioak klausula berezien pleguan. Hori ezezik, partehartzaileen kopurua ere zehaztu beharko du, hau da,