Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 278

278

RAMON PARADA

B) Kontratazio espedienteak Kontratazio espedienteak jarduera burokratikoak dira, kontratazio prozedura hasi eta adjudikazioari ekin arte egiten direnak alegia. Hortaz, kontratua formalizatu aurretik bi espediente desberdin daude: bata, prestatze espedientea; eta, bestea, adjudikazio espedientea. Hala ere, badago salbuespen bat: kontratu txiki deiturikoak; horietan, prozedura laburtu bakarra egiten da. Kontratazio espediente arruntaren bidez lortu nahi dena, berriz, ondokoa da: kontratuaren objektua mugatu, baldintzak zehaztu eta aurrekontuko kreditua badagoela bermatu. Aurretiazko espediente motak, bestalde, hiru dira: arrunta, presazkoa eta larrialdietakoa. Espediente arruntean ez bezala, gainontzeko bietan ahalik eta azkarren egiten da tramitazioa presazko arrazoiak daudela­eta —izenek eurek adierazten dute hori—; beste batzuetan —larrialdia nahiz premia larria dagoenean—, ezabatu egiten da, nolabait, prestatze espedientea eta egintza bakar batean gauzatzen dira prestatze, adjudikatze eta ematea. Tramitazio arruntari dagokionez, esan behar da ez duela eperik eta honexetan datzala: administrazio klausula berezien pleguak onesteko gauzaturiko jarduerak eta gastuak espediente baten jasotzean. Horrez gain, ondokoa agertu beharko da espedientean: kontratua eraenduko duten agindu teknikoak —kontratua betearazterakoan kontutan izan beharko dira—, kreditua dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria —gastuak eragin badizkio kontratuak Administrazioari— eta, azkenik, administrazio eskuhartzearen fiskalizazioa. Era berean, kontratua finantzatzeko jatorri desberdineko ekarriak erabili badira, denak xedakor edo baliakorrak direla egiaztatu beharko da espedientean; halaber, ekarri horiek ordaintzeko hurrenkera adierazi beharko da, baita eragingarriak izateko bermea ere (68. art.). Agiri horiek bildu eta gero, kontratazio organoak ebazpena emango du, gastua onetsi eta adjudikazio prozedurari hasiera emateko. Hala ere, horretarako beharrezkoa izango da Lege Aholkularitzaren aurretiazko txostena, eta Administrazio Kontratazioaren Kontsulta Batzarena ere bai, administrazio klausula berezien pleguak klausula orokorren pleguaren aurkako klausularen bat badauka. Kontratazio organoaren ebazpen hori tramite hutsezko egintza da —barne ondorioak baino ez ditu izango—, eta adjudikazio prozedurari hasiera ematen dio. Hortaz, ez da benetako administrazio egintza; ez da, behintzat, errekurri daitekeen administrazio egintza. Horrela, kontratariek ez dute legebidezkotasunik izango egintza hori aurkaratzeko, ez eta beraren onespena eskatzeko ere. Beste alde batetik, kreditu egokia egoteaz gain, oinarrizko beste arau bat ere badago espedientea tramitatzean: kontratuaren objektua ezin da zatitu; horrela, «espedienteak kontratuaren objektu osoa jaso beharko du, eta beharrezkoak diren osagai guztiak hartu beharko ditu bere barne». Hala ere,


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.