250
RAMON PARADA
Ikuspegi subjektibo batetik aztertuta, 13/1995 Legea ez da sektore publiko osoari aplikatzeko testua. Izan ere —lehenago ere esan egin dugu—, sektore hori Administrazio zuzenbidetik iheska dabil, batez ere, kontratariak hautatzeko prozedurei buruzko arauketatik. Hortaz, legegilearen benetako asmoa izan bazen Zioen Azalpenean goraipaturiko agerikotasuna eta berdintasuna errespetatzea kontratazioan, nahikoa zuen ondokoa ezartzearekin: kontratarien hautaketari eta kontratuen adjudikazioari buruzko arauak sektore publikoko erakunde guztiguztiei aplikatzekoak direla, euren jarduerari buruzko eraentza juridikoa eta euren antolaketa, publikoa zein pribatua izan; arau horren salbuespen bakarra hauxe izango litzateke: merkatuan pribilegio eta monopoliorik gabe jarduten duten industri eta merkataritza enpresak, hau da, merkatuan kapital pribatuko enpresekin baldintza berdinetan lehian dabiltzanak. Hala ere, arazoari sustraitik heldu beharrean —sektore publikoan orain dagoen kontrolik gabeko egoeran horixe da egin beharrekoa, eta gainera, Zioen Azalpenean horretarako konpromezua agertzen da—, legegilea garrantzirik gabeko bereizketa nahasgarri batzuk egiten aritu da eta kasu batzuk ezarri ditu; horrela, Europako Erkidegoen Zuzenbideak finkaturiko gutxieneko aginduak betetzea lortu du, baina kontratuei buruzko legeriatik ahalik eta gehien ihes eginda, sektore publikoa antolatzeko modu okertuei esker. Legeak, berriz, ahaleginik ere ez du egiten patologia hori zuzentzeko, beraren ardura izango ez balitz bezala; zuzendu beharrean, ordea, legeak patologia hori abiapuntutzat hartu —baita lurralde administrazio, autonomiadun erakunde, Zuzenbide publikoko erakunde eta zuzenean zein zeharka herri administrazioen partaidetza nagusi den kapitaldun merkataritza sozietateen arteko bereizketa ere—, eta zenbait kontraturekin nahastu egiten du —hain zuzen ere, euren tipologiak eta ekonomi garrantziak bereizten dituen kontratuekin—; horrela, legea aplikatzeko maila desberdinak egituratzea lortzen da edo, hobe esanda, legea ez aplikatzekoak. Maila horiei, ostera, ondoko izena emando diegu: aplikazio osokoa, zatikakoa, gutxienekoa, itxurazkoa eta, azkenik, itxurazko eta gerorakoa. Legea oso-osoan aplikatzen zaie lurraldeetako herri administrazioei, hau da, Estatuko, autonomi erkidegoetako eta toki administrazioko administrazioei. Estatuko eta autonomi erkidegoetako Administrazio kontzeptua, bestalde, esangura zabalean ulertu behar da: bere barruan hartuko ditu bai Estatuko konstituzio organoak (Gorteak, Konstituzio Auzitegia, Kontu Auzitegia, Herri Defendatzailea etab.), eta bai autonomi erkidegoetako pareko organoak ere. Hortaz, organo horiek egindako kontratu guztiei aplikatzen zaie legea, administrazio kontratuak zein kontratu zibilak izan, eta kontutan hartu gabe euron zenbatekoa.