Doktrina - Zuzenbide Administratiboa I - Zati Orokorra (1)

Page 247

ADMINISTRAZIOA ETA KONTRATUAK. OINARRIZKO ERAENTZA

247

prozedurari buruzko arautegia jaso zuen. Era berean, administrazio kontratuak eta kontratu zibilak bereizten zituen, eta kontratu guztien objektua, karia, helburua eta forma arautzen; gainera, legeak administrazio kontratu tipikotzat jotzen dituenen ondoreak eta azkentzeko arrazoiak ere arautu egiten ditu, hau da, obra, hornidura eta herri zerbitzuen kudeaketa kontratuenak. Martxoaren 17ko 5/1973ko eraldaketak sakondu egin zuen aurreko arauketa, administrazio kontratuei Zuzenbide zibila ordeztailetzat ahalik eta gutxien aplikatzeko aginduz; arauketa hori araudien bidez osatu zen xehetasunez (Estatuaren Kontratazioari buruzko 1967ko Araudi Orokorra, 1973ko azaroaren 25eko Dekretuak eguneratua), eta, azkenik, Estatuaren eta toki erakundeen kontratuen eraentza juridikoak bateratzeko prozesua ezarri zen (Toki Eraentzaren Oinarriei buruzko Legearen 88. art. eta Toki Eraentzari buruzko Legearen testu bateginaren 111.etik 125.erako art.ak; azken hori apirilaren 18ko 78/1986 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuen).

3. HERRI ADMINISTRAZIOEN KONTRATUEI BURUZKO 13/1995 LEGEA Aurreko epigrafean azaldu dugun bide hori maiatzaren 18ko 13/1995 Legea onetsita amaitu da, hots, Herri Administrazioen Kontratuei buruz­ ko Legea onetsita. Lege horren asmoa izan da gertaturiko ustelkeria kasuei erantzuna ematea, erantzun hori behar­beharrezkoa baitzen; egin­eginean ere, komisioak hartzen ziren kontratuak adjudikatzeagatik eta ustelkeria hori izugarri ugaritu da sozialistak gobernuan daudenetik (1992­1995). Gainera, legeak berak errazten du ustelkeria hori, zuzeneko kontratazioa orokortzearekin; izan ere, gero eta herri erakunde gehiagok jartzen dute euren jarduera Zuzenbide pribatuaren menpe, edota merkataritza sozietate itxurarekin jarduten dute, kontratuei buruzko administrazio legeriatik ihes egiteko. Hori lan honetako beste atal batzuetan salatu dugu, baita aurreko argitaraldietan ere. Horrexegatik, Legearen zioen azalpenak ustelkeria publikoa ekarri duen egoera hori abiapuntutzat hartu eta hauxe erabili du lege hori onesteko oinarritzat: «administrazio kontratazioaren agerikotasuna lortzeko beharrizana, administrazio jarduera objektiboa izan dadin eta errespeta daitezen berdintasun, bereizkeriarik ez eta elkarlehia askeari buruzko printzipioak». Beraz, legegileak berak onartzen zuen ordura arte ez zirela betetzen Konstituzioko eginbehar oinarrizko horiek. Hala ere, helburu horiek ez dira guztiz betetzen, legea ez baita oso­osoan aplikatzen herri erakundeak sozietate formak erabiltzen dituztenean (1 eta 2. art.ak, eta seigarren xedapen gehigarria); horrez gain, aipatu behar da kontratariak hautatzeko prozedurek ere zuhurtziarako eremu zabala uzten dutela.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.