ADMINISTRAZIO PROZEDURA
235
baina balorazio aske edota frogabideak batera baloratze horrek ez du esan nahi frogatu gabeko uziei edota kondenei oniritziko zaienik. Alemaniako Errepublika Federaleko Administrazio Prozedurari buruzko Legean, frogaren arauketa printzipio aztergarrian oinarritzen da argi eta garbi: agintariak bere arioz arakatzen ditu egitateak; ikerketak egiteko era eta ikerketa horien norainokoa zehazten du, eta alderdiek azaldutako alegazioek edo proposaturiko frogek ez dute lotzen; kasuaren inguruabar nagusiak hartu beharko ditu kontutan, baita alderdien aldekoak direnak ere, eta ez ditu adierazpenak edo eskaera orriak ezetsiko, zentzugabeak edota onartezinak direla jo arren (24. art.). Agintariak egitateak arakatzeko behar dituen frogabide guztiak erabili ahal izango ditu kontrolatutako zuhurtziarakotasunez; beraz, ondokoa egin ahal izango du: 1. Era guztietako txostenak bildu. 2. Alderdiak entzun, lekuko eta perituak itaundu edo horien txostenak bildu, adierazpenak idatziz eginez. 3. Agiri eta aktak kontsultatu. 4. Ikuskapenak tokian egin. Alderdiek esku hartu beharko dute egitateak arakatzean. Ezagutzen dituzten egitate eta frogabideen berri eman beharko dute, hain zuzen ere. Arau juridiko batek beren beregi horrela ezartzen duenean bakarrik izango da beharrezkoa partehartze handiago izatea eta, batez ere, bertaratzea nahiz lekukotza ematea. Lekuko eta perituek lekukotza edota irizpenak eman beharko dituzte, arau juridiko batek horrela ezartzen duenean. Agintariak peritu eta lekukoei kontsulta egiten dienean, kalteordaindu egingo zaie, lekuko eta perituak kalteordainei buruzko legean ezarritakoaren arabera.
D) Entzunaldi eta bista tramitea Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluak xedatzen duenez, prozedura instruitu ondoren, eta ebazpen proposamena idatzi baino lehentxoago, instruktoreak aditzera eman beharko die espedientea interesatuei, agiri eta frogagiri egokiak alegatu eta aurkez ditzaten. Tramite hori beharrezkoa da administrazio prozeduran; izan ere, «oinarrioinarrizko eta sakratu» izaera ere jurisprudentziaren alde batek ematen izan dio, ze horien iritziz, halako tramiterik ez egiteak deuseztasuna ekarriko du, interesatuen defentsarik eza sortzen du eta. 84. artikulu horren arabera, «interesatuak adierazitako egitate, alegazio eta frogak bakarrik agertzen badira eta ebazpenean ere besterik kontutan hartu ezean», orduantxe bakarrik baztertu ahal izango da entzunaldi tramitea.