ADMINISTRAZIO PROZEDURA
233
egin du debeku hori; horrenbestez, egintza baliozkotu egin ahal izango da a posteriori, lehenago egin ez den txostena eginez.
C) Froga Froga izeneko jarduera prozeduran zehar egiten da, zertarako eta egitateen benetakotasuna egiaztatzeko eta, behar izanez gero, aplika daitezkeen arauak indarrean daudela egiaztatzeko, ze batzuetan baldintza bi horiek ezinbestekoak izaten dira emateko den ebazpenerako. Izan ere, egintza arazotsuak bakarrik dira, berez, frogatu beharrekoak, hau da, alderdi bien arteko akordioa lortu ez duten puntuak; eta, halakoetan, ez da beharrezkoa izaten aplika daitezkeen arau juridikoen izate edo indarraldia frogatzea, funtzionarioak edota epaileak ondo ezagutzen dituztela jotzen baita («facta probantur, iura deducuntur», eta «da mihi factum, dabo tibi ius»). Hala ere, funtzionarioak edota epaileak Zuzenbidea ezagutzen dutelako presuntzioa ez da modu hertsian ulertu behar, ezin baitzaio eskatu ohiturazko arauak ezagutzeko, ezta atzerriko arauak eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ez diren nazioko arauak ere (hau da, autonomi erkidegoetakoak edo udal arau bereziak); halako kasuetan, euren indarraldia egiaztatu beharko da (1986ko urriaren 21eko epaia). Froga zamari dagokionez (onus probandi) ez dago arau berezirik. Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak frogaldi bat irekitzeko beharrizana agintzen du, baina ondoko kasuetan erabiltzeko bakarrik: «Administrazioak interesatuak alegaturiko egitateak egiatzat ez dituenean, edo prozeduraren izaerak berak eskatzen duenean» (80.2. art.); hala ere, ez du zehazten nori dagokion frogaren zama frogaldiaren barruan. Arazo garrantzitsu hori konpontzeko, beharrezkoa izango da ulertzea frogaren zama eratxikitzeko arauak ezin direla berberak izan administrazio prozedura guztietarako, prozedura horiek era askotakoak dira eta. Horrela, zehatze prozeduretan —zigor auzibideetan gertatzen den bezala— , Konstituzioaren 24. artikuluak eta in dubio pro reo printzipioak nagusiarazten duten errugabetasunaren presuntzioaren ondorioz, «frogaren zama akusatzen duenarena baino ez da, alegia, akusatzaileak berak frogatu beharko ditu egitateak eta akusatuaren errua, eta ez akusatuak bere errugabetasuna» (Konstituzio Auzitegiaren 1986ko maiatzaren 21eko epaia). Halaber, arau hori aplikatu beharko zaie analogiaz eskubideak kendu edota mugatzea dakarten prozedura guztiei. Hiru aldeko edo tartekaritza prozeduretan —Administrazioa neutrala izango da bata bestearen aurkako diren alderdien artean—, aldiz, frogaren