224
RAMON PARADA
6. ADMINISTRAZIO PROZEDURAREN OINARRIZKO PRINTZIPIO ETA ARAZOAK Doktrinak ahalegina egin du administrazio prozedura guztiei aplikatzeko moduko printzipioak aukeratzen; eta ez da lan erraza izan, ze kontutan hartu behar ditugu administrazio jardueraren prozedura eta era guztiak. Horrenbestez, ez dago adostasunik printzipio horiek zehazterakoan; izan ere, ez dira administrazio prozedura guztiei aplikatu ahal zaizkien auzibideetako erregelak bakarrik: oinarrizko arazoak dira eta erantzun desberdinak onartzen dituzte, edota neurri desberdineko erantzunak, prozeduren arabera. GARCÍA DE ENTERRÍAk eta FERNÁNDEZ RODRÍGUEZek printzipio hauexek aipatzen dituzte: aurkakotasuna, auzibidea ahalik eta laburren egitea, in dubio pro actionea, ofizialitatea, zioak azaltzea derrigorrez, alderdigabetasuna, publizitate eta sekretuaren arteko oreka, eta dohaintasuna. ENTRENAren iritziz, ordea, batasunerako joera eta bermeagatiko kezka dira prozedura eratzen duten printzipioak; COSCULLUELAk laburtasuna, lastertasuna nahiz eragingarritasuna, formalitaterik eza, ofizialitatea, ukituriko administratuen gehieneko bermea eta berdintasuna aipatzen ditu.
A) Aurkakotasun printzipioa eta aztertu beharra ezartzen duen printzipioa administrazio prozeduran Aurkakotasun printzipioak alderdiei ematen die, bai protagonismo osoa eta bai ekimenik handiena auzibidean edo prozeduran; horrenbestez, horiek eskatuta aldatuko da fase batetik bestera, eta diligentziak ere horiek eskatuta egingo dira. Espainiako administrazio prozeduran badira aurkakotasun printzipio horren adibideak: batetik, prozedura Administrazioaren arioz has daiteke, baina alderdiek eskatuta ere bai; bestetik, erabakiak ukituko dituen pertsonek bertaratzeko eskubidea izango dute honexetarako ere: alegazioak azaltzeko, espedientea ikusi eta espedientean entzuna izateko, instrukzio egintzen burutzapena eskatzeko eta frogak proposatzeko (70, 79, 80, 81 eta 84. art.ak). Halaber, berariaz ezartzen dira alderdien arteko aurkakotasuna eta berdintasuna, kontrako jarrerak dituzten interesatuak daudenean: «edozein kasutan ere, instruktoreak beharrezko neurriak hartuko ditu interesatuen aurkakotasun eta berdintasun printzipioak guztiz errespetatzeko prozeduran» (85.2. art.). Hala ere, auzibide zibilean ulertzen denez, aurkakotasun printzipioa ez da hori bakarrik. Printzipio horrek gauza bi adierazi nahi ditu, batez ere: batetik, alderdiek egoera orekatua izatea auzibidean, eta horretarako, eskubide berbe-